Ostikodun presak, autodidakta baten lanak
2006/05/01 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Motorrak asmatu aurretik, XVII. mendean, esaterako, uraren indarrak mugitzen zituen errotarriak eta burdinoletako mailuak. Ur hori urtegi txikietan biltzen zuten, grabitate-presa ez oso handien bidez. Oinarri sendo eta zabala egiten zioten presari inguruko lur eta harriekin, eta goi aldera estutu egiten zen horma. Presa landuagoak harrizkoak izaten ziren, sendoagoak, baina pare bat metro altukoak, hala ere.
Pedro Bernardo Villarreal de Berriz, ordea, presa horien aldaera bat eraikitzen hasi zen: ostikodun edo kontrahormadun presak egiteari ekin zion. Hau da, beheko aldean ostikoak dituzten presak. Presaren horma zuzena zein gangaduna izan daiteke.
Presaren hormari ostikoak jarriz gero, horma meheagoa egin daiteke; hala, material gutxiago erabili behar da, materiala aurrezten da. Edo, bestela, hormari altuera gehiago eman dakioke eta ur gehiago bildu urtegian. Urak presari egiten dio indarra, presak ostikoei eta ostikoek lurrera bideratzen dute indar hori.
Halako presak eginda, Pedro Bernardok ur gehiago biltzea lortu zuen, eta, beraz, bere burdinoletan indar gehiago lortu zuen ekoizpenaren mesederako.
Duela gutxi Lea ibaiaren ertzean prestatu duten ibilbidean ingeniari autodidakta haren hainbat lan ikus daiteke.
Bost presa
Pedro Bernardok bost ostikodun presaren berri eman zuen berak idatzitako liburu batean (aurrerago ikusiko dugu). Guztiak 3,60 metro altu inguruko presak dira.
Bi Markinan daude, Antsotegi eta Osillain (Pedro Bernardoren liburuan Barroeta izenarekin ageri da). Antsotegiko presa Urko errekan dago, Markinatik Elgoibarrerako bidean. Ganga edo arku bakarrekoa da, eta ostikoa ere bakarra du, ezkerreko aldean. Osillaingoa edo Barroetakoa Ondarroarako bidean dago, Artibai ibaian; bi arku ditu, eta, erdian, ostikoa, bi arkuak bereiziz.
Gizaburuaga inguruan ere bi presa aipatzen ditu. Laisotakoak bi arku eta ostiko bakarra ditu. Eta Arentzibia errotako presak hiru arku ditu. Liburuan dionez, "hiru arkuak korda desberdinekoak dira, harkaitz batzuk baliatzearren". Harkaitzetan ohea egin, eta haietan finkatu zituen ostikoak.
Edonola ere, Pedro Bernardok egindako presa nagusia Bediakoa da, Ibaizabalekoa. 1734an edo 1735ean eraiki zuen. Bost arkukoa da, eta horiek banatzen dituzten lau ostiko ditu. Dirudienez, bi urte lehenago arku bakarreko presa egina zuten toki berean, baina urak eraman zuen, arkua zabalegia izaki.
Pedro Bernardo Villarreal de Berriz ostikodun presen asmatzailetzat jo izan da inoiz, baina Espainiako Merida inguruan badira erromatarren garaiko hainbat ostikodun presa. Edonola ere, Pedro Bernardok hiru liburukik osatzen duten obra argitaratu zuen, eta, dakigula, han azaltzen da lehengoz ostikodun presak nolakoak diren, nola egin behar diren, neurriak, materialak eta abar.
Pedroren obra idatzia
Pedro Bernardok bere obraren zergatia azaltzen du sarrerakoan. Dioenez, lagunek bultzatu zuten idaztera, baina gaztetatik matematikarekiko eta hidraulikarekiko zuen zaletasunaren berri ere ematen du. Maquinas Hydraulicas de Molinos, y Herrerias, y Govierno de los Arboles, y Montes de Vizcaya du izena 1736an argitaratu zuen obrak.
Lehen liburukian, betiere presei dagokienez, grabitate-presen berri ematen du. Garai bateko presak direla esaten du, eta jarraian ostikoen sistema azaltzen du; seguruagoak, irmoagoak eta merkeagoak dira haren hitzetan. Ostikodunetan ere, nola egin behar diren (zer neurritakoak, zer materialekin...) azaltzen du. Aurreragoko kapituluetan erroten inguruko azalpenak ematen ditu.
Bigarren liburukian, burdinolak eta gurpil hidraulikoak azaltzen ditu bereziki, eta, azkenik, hirugarren liburukian, Bizkaiko mendiak kudeatzeko eta gobernatzeko arau eta oharrak ematen ditu.