}

Ostrak, bakterioak eta birusak

2004/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ostrak askoren gustukoak dira, baina ez daude guztion eskura. Hala ere, erne ibili behar dute, molusku honek bakterio oso kaltegarri bat izaten bait du batzuetan.

Ostrak askoren gustukoak dira, baina ez daude guztion eskura. Horiek jateko aukera dutenek, ordea, erne ibili behar dute. Izan ere, molusku honek bakterio oso kaltegarri bat izaten du batzuetan. Vibrio vulnificus izeneko izaki mikroskopikoak odola pozoitu eta batzuetan heriotza eragiten du, batez ere gibeleko edo odoleko gaitzak dituzten pertsonetan.

Zientzialariak arazo horri irtenbidea bilatzen saiatu dira, eta, ikerketa baten arabera, bakterioak hiltzen dituzten birusak (bakteriofagoak) erabil daitezke horretarako. Horrelako birus gehienek zelula jakinei baino ez diete erasotzen, eta hori da ikertzaileen ustez haien ezaugarri baliotsuenetako bat.

Kutsatutako ostrak dauden urak birus bakteriofagoak baditu, bakterio-kopurua ehun aldiz gutxitu daitekeela ikusi dute. Hala ere, oraindik hobetu egin beharko dute teknika, kopuru txiki horietan ere kaltegarri izan baitaitezke bakterio batzuk.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia