}

Otarrainak ez du maite gaixoa

2006/05/25 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Karibeko otarraina (Panulirus argus) gaixo dauden kideak bereizteko gai da, antza. Izan ere, baztertu egiten ditu otarrain gaixoak, eta emeak ez dio uzten gaixo dagoen ar bati estal dezan, Old Dominion Unibertsitatean ikusi dutenez.

Otarrainek, oro har, elkartzeko joera izaten dute. Baina otarrain bakartiak ere badirela ikusi zuten ikertzaileek. Otarrain bakarti horiei guztiei odol zuria zerien isats azpitik: gaixo zeuden, Panulirus argus 1 birusa (PaV1) zuten.

Hori ikusita, probak egiteari ekin zioten: hainbat otarrain hartu, batzuei PaV1 txertatu eta guztien arteko harremana aztertu zuten. Lehenengo lau asteetan (oraindik gaixotasuna nabarmendu ez zenean), otarrain osasuntsuen % 70ek gaixoak baztertu zituzten, eta seigarren asterako gaixo guztiak baztertuta zeuden.

Beraz, otarraina gai da gaixoa bereizteko sintoma nabarmenenak agertu baino lehen; zein zentzumen erabiltzen duten horretarako —usaimena izan liteke— ez dakite oraindik.

Argazkia: K. Wirth.