Ozono-galera ipar polo gainean
2020/04/09 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Ahaztuta dugu ozono-zuloaren kontua. Komunikabideetan ia desagertu da. Baina zientzialariek ez dute ahaztu, ezta zientziako albisteak idazten dituztenek ere. Aste honetan ozono hitza berriz ere aipatzen zuten Nature aldizkariaren albisteen zerbitzuan. Kontu bitxi bat zen, gainera: ozono-zulo bat sortu da ipar poloaren gainean.
Normalean ozono-geruzaren zuloaz aritzen garenean, hego poloaz aritzen gara, ez ipar poloaz. Hala ere, ez da lehen aldia horrelakorik gertatzen dena. 1997an eta 2011n ere gertatu zen. Aurtengoa, 2011koaren parekoa da, gutxienez; ikusi beharko da hurrengo asteetan izango duen bilakaera. Nolanahi ere, adituek esaten dute ipar poloko ozono-galera hori aste batzuk pasata desagertuko dela, alegia, ozonoa bere maila normalera itzuliko dela arazorik gabe.
Galera esaten zaio ez baita ozono-geruzaren zulo bat. Horrela deitzen diogu, baina gertatzen dena da ozonoaren kontzentrazioa txikiagoa egiten dela ingurune batean.
Albistearen kontu bitxia hori da: ipar poloaren gainean sortu dela ozono-galera hori.
Atmosferaren dinamika eta tenperaturaren ondorio bat da. Estratosferan dagoen ozonoa, izpi ultramore asko iragazten digun ozono-geruza hori, gizakiok sortutako hainbat produktuk suntsitzen dute; klorofluorokarbono ospetsuek, hain zuzen ere. Izugarri kaltegarriak dira ozonoa oxigenoan bilakatzen dutenean ez direlako desegiten, eta asko irauten dute atmosferan. Zorionez, 1987tik aurrera, Montrealeko protokoloaz geroztik, klorofluorokarbonoak debekatuta daude, eta debeku horrek arrakasta izan du. Ozono-geruza berreskuratzen ari da. Hortaz ez dago zalantzarik. Baina oraindik ere, atmosferan badaude klorofluorokarbonoak, garai hartakoak ez direlako guztiz desagertu.
Atmosferaren dinamikak, Antartikaren gainean dagoen aire-zurrunbilo erraldoi baterantz bideratzen ditu, eta horregatik ozono-geruzaren galera handiena han izaten da. Meteorologoek azaltzen dutenez, atmosferaren goialdean oso tenperatura baxuak daudenean, hodei altuak sortzen dira eta prozesu horrek metatzen ditu klorofluorokarbonoak han. Ipar poloan, ordea, ez dira izaten tenperatura hain baxuak. Baina aurten bai, baita 1997an eta 2011n ere. Klorofluorokarbonoak metatu dira ipar poloaren gainean, eta horregatik jaitsi da ozonoaren kontzentrazioa han. Hala ere, ikusi beharko dugu bilakaera. Zientzialarien arabera, tenperaturak igotzen ari dira egun hauetan, eta litekeena da ozonoa laster itzultzea bere onera azkar. Baina ikusi beharko da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia