Ozono-maila txikiagotzen ari da
1987/04/01 Aizpurua Sarasola, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria
Sarrera
1985.eko maiatzean Joe Farman, B. Gardiner eta J. Shanklin jaunek 1959. urtetik aurrera Halley Bay estazioan (Weddell itsasoaren ertzean) egindako atmosfera-neurketak " Nature " aldizkarian argitaratu zituzten. British Antartic Survey -ko (ingurugiroari buruzko ikerketak egiteko erakunde britainiarra) hiru ikerlari hauek ziotenez, Hego Poloko atmosferan ozono-mailaren txikiagotzea %40koa izan da 1979-1985 bitartean. Beste zenbait erakundetako ikerlariek datu hauek baieztatu egin dituzte. NASAko geofisikari diren Aldrin Krueger eta Richard Stolarski jaunek diotenez adibidez, 1984.etik 1985.erarte %16 txikiagotu omen da ozono-maila.
Ozonoaren fisika
Ozonoa ekuatorean sortzen da 40 km-ko altueran, eta poloetarantz barreiatzen da. Nahiz eta atmosferan zehar portzentaia txikitan egon, garrantzi handikoa da, zeren eta izpi ultramoreen igarotzearen kontrolatzailea bait da, hau da, eguzkitik datozkigun izpi ultramoreen portzentaia bat uzten du pasatzen. Bestalde, termo baten funtzioa ere betetzen du, egunez eguzkiko izpiek ekartzen duten beroa metatuz. Bero hau metatuko ez balitz, gauetan sekulako izotzak egingo lituzke. Beraz, ozono-kantitatearen txikiagotzeak oreka ekologikoaren aldaketa ekarriko luke alde batetik eta azaleko gaixotasunak (minbizia, erredurak, etab.) nahiz mutazioak bestetik.
Ozono-mailaren txikiagotzea urrian gertatzen da, hau da, udaberri australaren hasieran. Abendutik aurrera ozono-maila normaldu egiten da.
Hego Poloko zirkulazio atmosferikoan antizikloiek eta depresioek duten eragina, Ipar Polokoan baino txikiagoa da. Hego Poloko atmosferak uhin-higidura eduki beharrean higidura zirkularra dauka. Higidura honi zurrunbilo polar deitzen zaio. Beraz, Poloa ondoko luraldetatik isolatuta gelditzen da. Negu polarrak irauten duen bitartean, gaua da. Baina irailean eguzkia azaltzen da eta orduan, aldaketa batzuk gertatzen dira. Zurrunbiloaren erdialdean airea igo egiten da eta ertzetan jaitsi. Urria eta azaroaren artean, sortutako desoreka termikoak Atlantiko aldera bidaltzen du zurrunbiloa. Egoera honek Antartikoa erreaktore kimiko bihurtzen du.
Fenomeno hau ezagutu nahian, lau ikerlari-talderen artean banatu dute lana. Horretarako ozonozundak, gailu optikoak dituen abioi bat eta espektrometro infragorri bat erabiliko dituzte beste tresna batzuekin batera. Jadanik egindako neurketen bitartez, zenbait datu ezagunak dira, hala nola, ozonoaren gutxiagotzea 20-30 egunetan eta 12-20 km-ko altueran gertatzen dela.
Ozono-mailaren txikiagotzea: lau teoria
Gaur egungo ikerketek esaten dutenaren zain gauden bitartean, lau hipotesi nagusi daude fenomeno hau esplikatu nahian. Ikus ditzagun laburki.
Lehenengo hipotesiak dioenez, zurrunbiloaren erdialdetik igotzen den airea ozonotan oso pobrea omen da, eta zurrunbiloaren ertzetatik jaisten dena aldiz, oso aberatsa; baina Guy Brasseur Belgikako Institutu Espazialeko ikerlari ospetsuak baztertu egin du teoria hau.
Bigarren hipotesia, eguzkiaren eraginean datza. Zenbait ikerlarik dioenez, eguzki-izpiek nitrogeno oxidozko molekulen sorkuntza bultzatzen dute ozonozkoak deuseztuz. Zenbait arrazoirengatik teoria hau ere baztertua izan da.
Hirugarren hipotesiak, gizakiaren eragina hartzen du kontutan. Poluitzaileen eragina aipatzen da konkretuki eta hauen artean hidrokarburo halogenatu batzuk, hala nola, aerosoletan propultsatzaile bezala erabiltzen direnak. Konposatu hauen metaketek kloroa askatzea bultzatuko lukete eta honek ozonoaren suntsitzea eragingo luke. Ikerlarien ustetan, hipotesi honek badauka bere funtsa; baina, hala ere puntu asko eta asko ilun geratzen da.
Azken hipotesiak arrazoi naturalak ematen ditu. Hipotesi honen arabera epe motz eta ertainera ez dago zer kezkaturik ondoko arrazoiengatik:
- Zientzilariak prozesua hurbiletik aztertzen ari direlako.
- Beste prozesu naturalen antzeko iraupena dutelako.
Prozesu itzulezinak izaten ez direlako.
Azken iruzkinak
Hipotesi hauetatik, ondorio batzuk atera ditzakegu. Fenomeno naturala baldin bada, bertatik aztertu beharko dira eta fenomeno hauek hobeto ulertzeko aukera ona izango da. Baina, artifiziala bada eta egoera honen erantzunkizuna poluitzaileek baldin badute, arazoaren konponbidea gizakaren esku geratzen da.
Era batera ala bestera, azken errealitatea berdina da, hau da, ozonoaren gutxitzeak Lurra jotzen duten izpi ultramoreen kantitatea handiagotu egingo luke eta ondorioz lehen aipaturiko azaleko minbizia ezezik, landare eta animalien hiltzea, mutazioak, atmosferaren aldaketa etab. luze bat gertatuko lirateke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia