}

Ozono-zulo bat agertu da Artikoan

2020/04/01 Gallego Moya, Juanma - Kazetaria Iturria: Elhuyar aldizkaria

ozono-zulo-bat-agertu-da-artikoan
2020ko martxoaren 28an neurtutako ozono-maila, duela urtebeteko egoerarekin alderatuta. - Arg. NASA

Martxoaren amaieran, 18 kilometroko altueran, % 90 jaitsi da Artikoko estratosferan dagoen ozono-kopurua, hainbat zientzia-erakundetako zientzialariek egiaztatu ahal izan dutenez. Halako egoerarik ez da gertatu 2011. urtetik. 

Atmosferaren goiko geruzetan aurten izan diren tenperatura baxuek ahalbidetu dute fenomenoa. Izan ere, tenperatura baxuek hodeien sorrera bultzatzen dute estratosferan. Hodei horien inguruan, eta eguzkiaren argiaren laguntzarekin, kloroa edo bromoa duten zenbait konposatu kimikok ozono-geruza kaltetzen duten erreakzioak sortzen dituzte.

Fenomenoa ohikoa da Antartikan, bertako tenperatura baxuek lagunduta. Alabaina, CFC gasen ekoizpena galarazi zuen Montrealgo Protokoloari esker biziki ahuldu da bertako ozono-zuloa. Artikoaren kasuan, normalean tenperaturak aldagarriagoak dira, eta ozono-geruza kaltetzeko moduko muturreko tenperaturak ez dira luzaroan mantentzen. Aurten, baina, bereziki indartsua izan da bortize polarra, Ipar Poloaren inguruan dabilen mendebaldeko haize-sistema, alegia. Adituen ustez, Artikoa munduko gainerako sistema meteorologikoetatik isolatzen duten haizete horiek lagundu dute estratosferako tenperatura baxuak mantentzen, ozono-geruza sortzeko baldintza egokiak sortuz.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia