"Pachygrapsus Marmoratum"aren muda
1989/10/01 Torrubia, A. Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hamar gorputzadar ditu, haietako zortzi, lau alde bakoitzean, higierazleak dira, aurreko biak, ordea haginetakoak. Hauetako bakoitzean hiru atal bereiz daitezke, higierazleak azkazal gisako batetan bukatzen direlarik.
Hau dela eta, karramarro honek duen atxekidura-gaitasunak, egoera bertikaletan edo zutikakoetan ere, arroketan egoten uzten dio.
Orokorrean, oskoldun honen neurria ez da 5 zentimetrokoa baino handiagoa izaten, zenbait salbuespen ezik, kaietan aurkitu ahal izaten ditugunak hain zuzen ere (hemen babes handiagoa ez ezik, elikadura hobea ere bait dute). Karramarro arruntek, helduak izaki, normalki, 2,5 eta 3,5 zentimetroren arteko oskola dute.
Itsaso eta lurraren artean, bere usadioa bizi-aldiarekin lotua dago, ikerketa honetan jakinminik handiena hazieran dugu. Fenomeno honen azalpena da hain zuzen ere lan honen helburua.
Udaberri eta udazkenean, baina batez ere udan zehar, itsas–behera ematen denean sortzen diren putzuetan azaltzen da fenomeno ikusgarri hau. Karramarroaren barruan, hamabost egunetan gutxi gorabehera, lehen azal fin liskatsua zena, oskol gogor bihurtzen da. Aurrerantzean zenbait aldaketa azaltzen dira. Karramarroak, normalean dagoen arroketako gainak uzten ditu, putzuetako alderik hezeenetara abiatzeko.
Bere oskolaren kolorea gorriska bihurtzen da eta sabel aldea hausten da. Mugimenduak gero eta traketsagoak izateaz gain, haginetako gorputzadarrekin duen ziztatzeko gaitasuna ahultzen da. Honetaz gain, karramarroak horizontal edo zeharkako diren alderdietara jotzen du. Guzti honek pentsarazten digu arrokari dion atxekidura-gaitasuna galtzen duela. Garapen hau aurreratu ahala, gero eta ikusgarriagoa da. Karramarroak, putzuan sartu, eta geldi-geldi bere oskol zaharra eranzten du, hogei minutu barru, gutxi gorabehera mudatik ateratzen diren azken gorputzadarrak haginetakoak direlarik.
Badirudi guzti honek kemen gastu izugarria dakarrela. Mudatik atera ondoren, geldirik egoten bait da bere ondoan. Karramarroaren kolorea aldatu da; muda argiagoa eta txikiagoa da, bere azal berria beltza izateaz gain, guztiz biguna da, aurrekoarekin alde handia nabaritzen delarik.
Nahiz eta hain ikusgarria izan ez, karramarroa azkar etortzen da bere honera. Bere ahuleziagatik dituen arriskuak (mota honetako edo beste hainbat motatako itsas-animaliek jan bait dezakete) gainditzen baditu, hiru egun baino gutxiagotan gogortzea lortuko du.
Azala eranzten duenetik, orduerdi batera bizitza seinaleak ematen hasten da gorputzadarrak mugituz; poliki-poliki bere lehenengo azalera urruntzen da, itsasgorarekin guztiz apurtzen delarik.
Mugitu ahala, bere azala gogortzen doa, hala ere, ez du putzutik atera ahal izateko nahikoa indarrik, ez eta gorputzadarretako gogortasunik.
Putzu honetan, bi nahiz hiru ordu igaroko ditu harik eta bere gaitasun higierazlea, kolorea eta atxekidura lortu arte, nahiz eta alde hezeetara urrutiratzeko gauza oraindik ez den.
Bi egunetik hirura behar du bere gogortasun osoa, atxekidura-gaitasuna eta kolorea berreskuratzeko, era honetara berriz ikusi ahal izango dugu gure arroketan hain ezaguna den karramarro hau.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia