Pagausoaren egoera
1999/10/01 Setoain, Michel Iturria: Elhuyar aldizkaria
Historia: Iratiko zentsua
1980ean, hainbat ekologista-taldek Organbidexkako lepoa arrandatu zuten, uso-kontaketak egiteko eta usoen bidean lepo bat "askatzeko". Ondorioz, pagausoak garrantzi handia hartu zuen, ordura arte nehor ez baitzen arranguratzen pagausoaz. Egiazki, Barriety-ren1 ikerketetarik kanpo, ez zen bertzerik.
Ehiztariak beldurtu egin ziren, kontaketa horietako emaitzak usoaren ehiza, eta bereziki kontrapasa, murrizteko edo debekatzeko erabiliko zirela uste baitzuten. Beraz, Pirinio Atlantikoko departamenduko ehiztarien federazioak ere uso-kontaketei ekin zion, Iratin, ekologistak baino pixka bat gorago. Gainera, Akitaniako bertze departamenduetako ehiza-federazioek ere lagundu zuten, hau guztiaren ondorioz pagausoari buruzko ikerketa handiena sortuz.
Kontaketak bi talde desberdinek egin arren, biek emaitza bertsuak eskuratu zituzten.
Baina emaitzak Iratin pasatzen diren usoenak dira, soilik. Eta zertan dira Europako gainerako populazioak? Edo migratzen duten populazioak, bederen? Hots, Iratin 15 urtez ikusi den beherakadak gainerako populazioak ere urritzen ari direla erran nahi al du? Ez da erantzunik ematen ahal galdera horri, ez behintzat Portugalen eta Espainiako hegoaldean, neguan usoak "milaka" direla ikusita1, nahiz eta haien kopurua ere apaltzen ari dela uste den. Zenbaitzuk diotenez Frantzian gero eta pagauso gehiago geratzen da negua pasatzen, arto-lekuetan, naiz eta hori ez duen nehork frogatu ahal izan.
Zalantza horiek guztiak izanda, 1998an neguko lekuetan, hots, Frantziako hegomendebaldean, Espainian Caceres eta Badajoz-ko inguruan eta Portugalgo hegoaldean kontaketak egitea erabaki zuten. 2000. urteko urtarrilean bururatuko dira kontaketa horiek.
Kudeaketari buruz
Denbora berean, populazio migratzaileen jarraipenerako metodo arin eta zehatza finkatzeko ikerketak egin dira. Oraingoz, gazte-kopurua neurtzeari ekin zaio, populazioen dinamika ezagutzeko, eta beraz, populazioa zein adineko usoek osatzen duten balioesteko. Baina horretako, urteko usoak bertzeetatik bereizteko metodoa prestatu behar zen lehenik.
Adina ezagutzeko metodoak
Hainbeste ehizatzen den hegaztia izan arren, ez zegoen adina ezagutzeko metodo fidagarririk. Horregatik, adina jakiteko hegalez baliatzeko ikerketak egiten hasi dira, lumaia-aldaketak segitzea erraza baita kaioletan hazi usoetan, eta ondoren, ehiztariek hil usoekin aplikatu hegaztiak andeatu gabe. 1999an, Frémaux-ek2, Akitaniako ehiztarien laguntzarekin egin tesia publikatu du. Bertan, urteko usoen adina ezagutzeko metodoa azaltzen du, lumen berritzea jarraituz, zehazki lehen arraun-lumen eta estal-lumen berritzea jarraituz.
Ikerketa beraren baitan, 1998ko urrian, Akitanian, metodo hori probatzeko saiakuntza egin zuten molde desberdinez hil usoekin: airera, pausura eta sareetan. Hiruretan pagausoen % 70 gazteak ziren. Baina Frémaux-k bertze metodo bat entseatu nahi izan du, iduriz fidagarriagoa, lumen metodoarekin sasoian goizik sortu gazteak adinekoen taldean ezartzen baitira. Horretarako buru-hezurraren gogortze-maila aztertu du, urteko gazteek buru-hezurraren parte bat guria baitute eta adinekoek, aldiz, erabat gogorra. Horrela, goizik sortu usoak gazteen taldean ezartzen dira. Bigarren metodo hori erabiliz, % 90 urteko gazteak direla aurkitu du3.
Geroari buruz
1999ko ehiza-sasoian, buru-hezurraren metodoa berriz probatu beharko da. Fidagarria dela ikusten bada eta % 90 gazteak direla baieztatu, zenbait galdera sortuko dira:
- ehizak urte-klase bat bakarrik unkitzen ote du?
- urtea baino gehiagoko usoek ez ahal dute migratzen?
- Pirinioetako lepoetan zehar behin pasatu eta ikasi egiten ote dute ondorengo urteetan kasu emaiten?
Denbora berean, Lisboako fakultateak ikerketak aitzinatzen ari ditu DNAren bidez populazio desberdinak ezagutzeko eta bereizteko, eta ondoren, Europa-mailan, populazio bakoitzaren arazoak ezagutzeko eta neurtzeko.
Iratiko kontaketak aurrera darrai eta Bankan eta Saran ere usoak kontatzeko taldeak izanen dira aurten. Horrela migrazioa mendebaleko lepoetarikan pasatzen den ala ez frogatu ahalko da.
Oraindik gauza ainitz geratuko da azalpenik gabe, eta agian, hegazti horrek luzaz atxikiko du misterio-parte bat. Ikerketa horiek galdera guztiei erantzuten ez badie ere, uste dut horri esker ehizako mundua ohartzen ari dela pagausoaren geroa ez dagoela ziurtatuta.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia