}

Pagoetako parkea

1988/12/01 Mateo, Maite Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ezaguna da gure Euskal Herrian dagoen natura aldetik aberats diren txokoen ugaritasuna. Eta jakina, hauetako asko ia ezezagunak dira gehienentzat. Gaur, hauetariko batean (Pagoeta Parkean hain zuzen) egin nahi genuke geldiunetxo bat.
Agorregiko ola.

Pagoetako parkera heltzea, ez da batere zaila. Pagoeta mazizoan aurkitzen da, itsasotik gertu eta isurialdeak bata Iparrerantz eta bestea Hegorantz begira dituelarik. Mazizoa, Aiako Udal-barrutian kokatzen da. Bertara joan ahal izateko, Oriotik Zarautzera doan errepidearen tontorrean Aiaranzko bidea hartu beharko duzue. Herrira iritsi baino lehen, eta bidean zehar, leku desberdinetatik parkera gerturatzeko aparkalekuak aurkituko ditugu. Beste aukera, Billabonatik Aiarako bidea hartzea izango litzateke.

1950.eko hamarkadan, gaur egun parkea osatzen duten lurrak Gipuzkoako Foru-Diputazioaren eskuetara pasatu ziren. Lur hauen azalera 1.000 hektareakoa da, gutxi gorabehera, bertako eta birlandatutako basoz jantzita aurkitzen delarik. Landaketa hauek, zuhaitz hostotsuak eta erretxinatsuak zerrenda nahastutan ipiniz egin dira, beraien hazkunde eta moldaera segurtatzeko asmoz. Birlandaketa hauen helburua, epe luzera baso naturala birsortzea da; pagadiak, hariztiak eta beren elkarkide diren espezieak garatzea, alegia. Ibilbide motzeko errekez bustitako landaretza itxia ikus daiteke eta landare nahiz aberez oso aberatsak diren txoko asko daude. Ehiza babeslekua denez, azeriak, basurdeak, azkonarrak, trikuak, kattagorriak, arrabioak, zapelatzak eta abar luzea bizi daitezke. Are gehiago, burdinola, errota, baserri, elurzulo, karobi, eta abar aurki genezake inguru horietan. Bestetik, aipatzekoa da abeltzantza; behiak hazten bait dira parkearen alde batean.

Zenbait tokitan jolasleku, paseatzeko bide, jateko mahai, aulki, erreleku, zelai ugari eta abar daude. Horregatik da ezaguna batipat parkea.

Eta aipa dezagun, azkenik, artikulu honen helburu den alderdi pedagogikoa. Arlo hau lantzeko batetik parkean zehar aurrez prestatutako ibilbide batzuk daude eta bestetik horretarako egokitutako bi baserri. Bata Natur gela gisa prestaturik dago, non inguruko fauna eta natur ezaugarriak adierazten dituzten panelak eta ikusteko eta ukitzeko gauzak aurkitzen diren. Beste baserria aterpe bihurtuta dago, lotarako eta beste jolas-ekintzetarako erabili ahal izateko.

Heziketarako programa honen gutxienezko helburuak, honela labur daitezke:

  • Metodologia aktiboa erabiliz ingurunea (landaretza, animaliak, paisaiak, ...) aurkitzea eta ezagutzea.
  • Ingurune naturalarekiko errespetua areagotzea.
  • Ikasleengan talde-lana bultzatzea.
  • Irakasleek ingurune horretan ekintzak presta ditzaten eragitea.
  • Irakasle eta ikasle arteko elkarbizitza lantzea.
Pagasoro.

Ekintzak Gipuzkoako 6. O.H.O.ko ikasleentzat zuzendurik daude eta bi eguneko txandatan burutzen dira.

Iharduera horiek izadian barrena egiten diren ibilaldietan oinarritzen dira, zeinak puntu interesgarrien arabera aukeratuak izan ziren. Ibilaldia, aipaturiko erakusketekin eta egunean zehar ikasitakoarekin erlazionaturiko jolas-ekintzekin osatzen da.

Ikasleek, beste gauza askoren artean, alderdi honetako zuhaitz-motak desberdintzen, basa animalien aztarnak bereizten, iparrorratza erabiltzen eta landareei behatzen, ikasten dute.

Txangoa, bi egunetan parkeetan ikasi eta bizitakoa elkarri aurkeztuz amaitzen da, iharduera osagarriak ikastetxeko disziplinarteko eginkizun bezala utziz.

Ekintza hauetaz gain, beste zenbait talderi zuzendutakoak ere antolatzen dira, hala nola, Irakasle-eskolakoentzat, lanean ari diren irakasleentzat eta atsedenaldia duten taldeentzat. Ikastaro monografikoak ere antolatzen dira. Heziketa bereziko taldeentzat bi eguneko txangoak eta helduen heziketa iraunkorrerako egun bateko ibilaldiak ere egon ohi dira.

Esan bezala Pagoetako Parkea Gipuzkoako Foru-Diputazioarena da eta bertan burutzen diren ekintzak Donostiako Elizbarrutiko Irakaslego-Eskolako heziketa-talde baten ardurapean daude.

Heziketa-taldea, Ingurugiro-Heziketako lau irakaslek, Biologiako lizentziatu batek (proiektuaren zuzendariak) eta bi baserrien txukunketan lan egiten duen beste pertsona batek osatzen dute.

Erroizpeko erreka.

Esperientzia hau oraindik hasi besterik ez dela egin jakinik, laguntza guztiak dira probetxugarri. Horrexegatik, irakasleei nahiz ikasleei, gure hezkuntz proiektua hobetzera bultzatuko duten eritzi eta kritikak jasotzeko inkestak zuzentzen dizkiegu.

Dena dela, ibilbide eta zirkuitu guzti hauek, txorien txioak entzunez, birikak aire garbiz puztuz, eta hainbeste pizti eta landare gordetzen duen "natur erreserba" honen basa itxurari begiratuta sentitzen den atseginaz ordu batzuk igaro nahi duten naturzale eta ibiltari guztientzat zabalik aurkitzen dira.

Eta eguraldiak lagunduz gero, Pagoetako gurutzetik gure herrialdearen mugak ikus daitezke: Larrun eta Aiako Harria Iparrekialdetik, Aizkorriko mendikatea Hegoaldetik, Anboto eta Udalaitz Hegomendebaldetik.

Eguna igarotzeko plan bikaina dugu Pagoetako Parkea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia