}

Paisaiaren eraldaketa, natura gurtzetik txikitzeraino

2009/09/01 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

"Euskal Herrian ez da gelditzen gizakiak ukitu eta aldatu gabeko metro karraturik. Ikusten dugun guztia guk egina da". Argi asko dute hori Jakoba Errekondo eta Asier Galdos paisajistek. Hain zuzen ere, guk egindako guztiaren aztarnen haritik, Euskal Herriko paisaiaren bilakaera aztertu dute.
Paisaiaren eraldaketa, natura gurtzetik txikitzeraino
2009/09/01 | Kortabitarte Egiguren, Irati | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Nafarroako Gobernua)

Paisaia hitza entzutean, paisaia bukoliko eta erakargarri bat irudikatzen dugu maiz. Mendiak, itsasoa... dituen argazkia egiten dugu geure buruan. Baina pabiloiak, fabrikak eta abar ere paisaiaren zati dira. Izan ere, paisaia gizakiok hautematen ditugun lurralde-zati guztiak dira, eta gizakiaren jarduera orok eragiten du haien itxuran. Adibidez, basora joan eta enbor lodia eta goranzko adar ugari dituen pago bat ikusiz gero, ez pentsa itxura hori kasualitatez duenik. Ez. Hori ez da edozein pago. Garai batean helburu jakin baterako kudeaketa berezi bat izan zuen pago bat da, eta horregatik eman zaio duen itxura edo kimaketa hori.

Azken finean, gizakion jardueren helburuek edo, beste modu batera esanda, garaian garaiko ekonomiak diseinatu dute batik bat Madeleinealditik gaur egunera arteko paisaia.

Mendez mende itxura aldatuz

Jakoba Errekondo eta Asier Galdos paisajistek Euskal Herriko hainbat txokotan dihardute paisaiari buruzko hitzaldiak ematen. Mendez mende Euskal Herriko paisaiak eta naturak izan duten bilakaera azaltzen dute jendaurrean.
Irati Kortabitarte

Euskal Herriko paisaiaren bilakaeran, hiru urrezko aro nagusi daudela esan daiteke: Madeleinealdia, XVI. mendea eta XX. mendea. Gizakion eta naturaren arteko harremana askotarikoa izan da mendez mende, paisajisten lanak agerian utzi duenez. "Mutur batetik bestera pasatu gara. Natura gurtzetik txikitzera, hain zuzen ere. Madeleinealdiko gizakiak natura gurtzen zuen, guztiaren gainetik zegoen zerbait zen natura, eta gizakia naturaren zati txiki bat besterik ez zen" azaldu du Errekondok. Horren adierazgarri ditugu Ekaingo, Lascauxeko eta Altamirako kobazuloak, besteak beste. Ekainen zaldien irudiak daude hormetan; behiak daude Lascauxen, eta bisonteak Altamiran.

Natura gurtu beharrean, menperatzen hasi zen gizakia Neolitoan. Nekazaritzarekin batera, erabat aldatzen hasi ziren gizakiaren eta naturaren arteko harremanak. Su ematen hasi ziren basoari, soroak egiteko, animaliak etxekotu zituzten... Beste era batera esanda, natura gizakiaren zerbitzura jarri zuten, eta egoera horretan gaude gaur egun ere.

Gero, erromatarren eskutik ailegatu ziren landareak eta teknikak ezagutu zituzten hemengo giza taldeek. Garia, mahatsa eta olibondoak ekarri zituzten erromatarrek, batik bat.

Madeleinealdiko gizakiak natura gurtzen zuen. Ekaingo kobazuloan margotzen zituzten zaldien irudiak dira, besteak beste, horren erakusgarri.
Xabier Eskisabel

XVI. mendearen inguruan, natura kolonizatzen hasi ziren orduko biztanleak, baserrien bidez. "Dena den, ez pentsa garai hartan baserriak familia-bizitoki ederrak zirenik. Baserria sagardoa sortzeko eraikin edo fabrika gisa sortu zen. Aurrerapauso izugarria zen, sagardoaren etxeko ekoizpenetik ekoizpen erabat industrialerako urratsa baitzen" azaldu du Galdosek. Izan ere, sagardoa zen garai hartako gizarte industrialak edaten zuen edaria. Urik ez zen edaten. Inork ez zuen urik edaten. Ez zen alkohola gustatzen zitzaielako, baizik eta ura gaitzak transmititzeko bidea zela uste zutelako. "Ura kaltegarria zen osasunerako, ardoa urruti eta garesti zegoen, eta sagarra eskura zeukaten. Gainera, sagardogintzaren teknika menperatu egiten zuten. Beraz, haientzat, urte guztiko sagardoa egin eta barrikatan sartuta edukitzea oinarrizkoa zen bizirik irauteko" gehitu du Galdosek. "Garai hartan hegazkin batetik begiratu izan bagenu, Gipuzkoaren laurden bat-edo sagastia izango zen".

Orain bezala, baserri mistoak ziren: han bizi zirenek, baserriko lanaz gain, handik kanpokoa ere bazuten. "Euskalduna ez da baserritar hutsa, urbanoa da baserritarra baino askoz lehenago" dio Galdosek. Baserritarra baserrian bizi izan da, baina betiere harremana izan du merkataritzarekin eta industriarekin lotutako gizartearekin, batez ere isuri atlantikoan, hango lurrek ez dutelako aukerarik eman horrekin bakarrik bizitzeko. Isuri atlantikoa oso pobrea izan da nekazaritzaren ikuspegitik. Bestelakoa da egoera mediterraneo-isurialdean. Lur onak izan dira, eta mahatsak, gariak eta olibondoek aberastasuna eta lurretik bizitzeko aukera eman diete bertako biztanleei. Hori dela eta, paisaia erabat ezberdina da, eta, mende askoan zehar, paisaiaren egiturak eta izaerak ez du aldaketa bortitzik jasan, gaur egun industrializazioaren garapenarekin eta komunikazio-arloko azpiegiturekin eraldatu samar dagoen arren.

XVI-XVII. mendean erabat industriala zen Euskal Herria, baina Espainiako inperioaren gainbeherarekin krisian sartu zen, eta hiriguneak hustu, eta lurrari begira jarri ziren berriz. Izan ere, bizitzeko aukera bakarrenetakoa lurra lantzea zen. Krisi-garai hartan, landare ia magiko bat ekarri zuten Ameriketatik: artoa. Erraz egokitu zen gure paisaiaren baldintza ekologikoetara, garia landu ezin zen lur kaskarretan ekoitz zitekeen, eta hark halako zazpi ematen zuen. Gero eta lursail handiagoak kolonizatu ziren, baserriak nonahi eraiki ziren...

Isuri atlantikoan, baserritarrak beti izan du harremana merkataritzarekin eta industriarekin lortutako gizartearekin, lurrak ez baitu aukerarik eman baserritik bakarrik bizitzeko.
Asier Galdos eta Jakoba Errekondo

XIX. mendearen bukaeran itzuli zen Euskal Herria berriro ere industriaren bidera. Pinua bilakatu zen basoetako izar, azkar hazten zelako eta industrian erabiltzen erraza zelako, papergintzaren sektorean, besteak beste. Eta XX. mendean industrializazio bortitza gertatu zen, natura bera suntsitzerainokoa. Egoera hark gauetik egunera aldatu zuen paisaia. Orduz geroztik, azpiegiturez josi da inguratzen gaituen paisaia. Errepideek hartu dute batik bat lurra, eta haiek eman diote itxura egungo paisaiari. "Mendez mende gizakiak basoak ustiatu eta txikitu baditu ere, orain haratago jo dugu, eta lurra bera, basoaren oinarria, suntsitzen ari gara. Mendiak puskatzen ari gara, tunelak, errepideak eta abar egiteko" diote bi adituek. Hori da gaur egungo errealitatea.

Etorkizuna basoz jantzia

Eta etorkizunean zer? Zer datorkigu? Horixe bera galdetu diegu adituei, eta biek batera erantzun dute: "Basoa da etorkizuna. Basoa beti izan da ekonomiaren oinarrian, lehengaiak eta energia sortzen". Etorkizunean ere hala izango dela diote. Horregatik, ezinbestekoa da gizarte urbano honetan basoari zer diseinu eman behar zaion erabakitzea. Gizarte urbano honetan industria dagoeneko ez da hain garrantzitsua, zerbitzuek hartu dute indarra. Eta zerbitzuek komunikazioa behar dute. Beraz, komunikazio-azpiegituretan oinarrituko da batik bat etorkizuneko paisaia. Kable, satelite, zuntz optiko eta autobide bidezko komunikazioan oinarritutako paisaia izango da, alegia.

Aizkorri-Aratz parke naturaleko pagadi bat.
Asier Galdos eta Jakoba Errekondo

Basoak gizarte-mota horri zer onura ekarriko dion hausnartu behar da. Izan ere, basoa gero eta indar handiagoa hartzen joango da pixkanaka. Gaur egun ere Gipuzkoa eta Bizkaia dira, Finlandiaren atzetik, proportzioan baso gehien dituzten lurraldeak. Errekondo eta Galdos bat datoz etorkizun hurbilean basoak energia-iturri gisa erabili beharko ditugula esatean. Haien ustez, basoak biomasa sortzeko kudeatu beharko ditugu. Garai batean basoa ikatza egiteko zenbait zuhaitz-motarekin diseinatzen zen legez, etorkizuneko erronka da biomasa sortzeko zer baso-klase behar dugun eta hori nola kudeatuko dugun aztertzea. Bestelako belardi eta zelaiak ondare gisa mantendu nahi baditugu, ordaindu egin beharko dugu, ezin baitira lurralde zabal eta ederrak mantendu estetikoki ederrak direlako soilik. "Dena den, belardi batzuk mantenduko dira ardi-gaztak prezio onean egiten diren neurrian" dio Errekondok.

Kortabitarte Egiguren, Irati
3
256
2009
9
025
Ingurumena
Artikulua
48

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia