Paleobasoak, antzinako ekosistemen arrasto fosilak
2007/05/13 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Puzzlearen piezak
Paleobotanika gustuko dutenentzat oso ezaguna da Gilboa basoa. New York estatuan dago, eta 1870ean aurkitu zuten harrobi batean. Funtsean, duela hirurehun eta laurogei bat milioi urteko zuhaitz-oinen fosilak dira. Zuhaitz horiei Wattieza deitzen diete, eta Eospermatopteris izen zientifikoa dute.
Aurkikuntza hura ikaragarria izan zen. Hori bai, zuhaitzaren oinak baino ez zituztenez, enborra gutxi gorabehera nolakoa zen bazekiten, baina adaburuaren arrastorik ez zuten. Gertaera hark paleontologo askoren jakin-mina piztu zuen. Besteak beste, Gilboa inguruko lagun askok jardun du paleontologia-lanetan, Mannolini anai-arrebek, esate baterako. Sharon arrebak New York Estatuko Museorako paleontologo-lanak egin zituen, eta hil zenean Frank anaiak hartu zituen haren kargua eta zuhaitz haiekiko pasioa. Bada, azken horrek Gilboa inguruan egin den beste aurkikuntza handi batean hartu du parte; izan ere, 2004an Wattieza ale oso bat aurkitu zuten, Gilboa basotik ez oso urrun, 16 kilometrora.
Azkenean badakite Wattieza zuhaitzaren adaburua nolakoa zen: hosto zapal zabalez osatua zegoen, iratzearen edo palmondo batzuen antzera. (Irudia: F. Mannolini, New York Estatuko Museoa)
Noski, lehenengo begiratuan ez zuten jakin zer zuten esku artean. Lan handia izan zen fosila ateratzea; 180 kiloko harritzarra moztu, jaso eta museora eraman zuten. Behar bezala aztertuta, ondorioa argitara eman berri dute. Fosil handi hura bederatzi metroko Wattieza bat da, eta, azkenean, badute zuhaitz haren adaburua ere: adar zapal zabalez osatua dago, iratzeen edo gaur egungo hainbat palmondoren antzera.
Gainera, fosil horri esker konturatu dira lehen ere aurkitu izan dituztela espezie horretako zuhaitzaren adaburuaren fosilak: enborrik gabekoak ziren, ordea, eta beste landare-espezie bat zela uste izan zuten. Beraz, orain arte zituzten fosiletako batzuk puzzle beraren piezak zirela konturatu dira.
Baso bat meategian
Beste aurkikuntza ikusgarri baten berri ere eman dute paleobotanikaren munduan. Izan ere, duela hirurehun bat milioi urteko baso ikusgarri bat aurkitu dute Illinois-en. Inoiz ikusi den baso fosilik handiena omen da; hamar hektareako hedadura du, eta ikatz-meategi batean topatu dute. Ikatza kendutakoan, meatzearen hormetan, bistan geratu dira baso bateko zuhaitzen eta landareen fosilak.
Hala, ikertzaileak txundituta omen daude aurkikuntzarekin. Fosilak ikusteko aukera paregabea omen dute; izan ere, auto berezi batean sartu, eta meategiko tuneletan atzera eta aurrera ibili baino ez dute egin behar, han diren fosilak ikusteko eta katalogatzeko. Esan dutenez, mota askotako landaretzaren arrastoak daude: goroldioak, zuhaitz-iratzeak, azeri-buztan erraldoiak, zuhaixkak...
Bai baso horren aurkikuntzak eta baita Wattieza zuhaitz harenak ere duela milioika urteko Lurra hobeto ezagutzen lagunduko dute: nolako ekosistemak zeuden, eta ekosistema haiek nola eragin zioten Lurrari berari, karbono dioxidoa gutxituz, esate baterako.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia