}

Paleozuhaitza

2007/04/19 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Duela hirurehun eta laurogei bat milioi urte bizi izan zen zuhaitz baten fosila aurkitu dute. Eta albistea da zuhaitza osorik dagoela. Izan ere, orain baino lehen aurkitu izan dituzte zuhaitz horren (Eospermatopteris) enbor fosilak New York estatuan, baina ez zekiten nolako adaburua zuen. Orain badakite; adaburua hosto zapal zabalez osatua zuen, gaur egungo palmondo batzuen antzera.

Gainera, fosil horri esker konturatu dira lehen ere aurkitu izan zituztela espezie horretako zuhaitzaren adaburuaren fosilak, baina ez zituzten Eospermatopteris enborrekin lotu, eta beste landare-espezie bat zirela uste izan zuten.

Horretaz gain, zuhaitzaren itxura ezagutzeak garai hartako basoen ekologia eta ezaugarri geokimikoak hobeto ezagutzen lagunduko omen die adituei. Ondorioz, landaretzaren eboluzioaren eta garai hartako klimaren aldaketen arteko erlazioa ikertuko dute.

Beraz, aurkikuntza horrek hainbat gauzatarako balio izan du: aurkitu den zuhaitzik zaharrenen itxura ezagutzeko (aurkitu berri duten fosilak 9 metroko enbor luzea eta hosto zapal zabalak ditu), hainbat fosil berriz sailkatzeko, eta landaretzaren eta klimaren gorabeheren erlazioa hobeto ikertzeko.

Irudia: Frank Mannolini, New York Estatuko Museoa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia