}

Paper elektronikoa laster salgai egongo al da?

2001/09/10 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia


Paper-itxura duen pantaila elektronikoak egiten hasi dira jada bi enpresa estatubatuar.

Duela hogei bat urtetik hona, paper-itxurako gailu bat egiteko lanean ari dira ingeniari elektronikoak. Paper arruntak oso ezaugarri bereziak eta eguneroko bizitzarako abantaila asko ditu, eta, horregatik, ordezko beste edozein asmakari garatzea oso zaila da.

Dena dela, ordenagailu pertsonalak garatu zirenetik, ingeniariek paperaren abantailak dituen makina informatikoa egiteko asmoa izan dute. Bide horretatik, ordenagailu eramangarria helburu horretarako urratsa dela esan daiteke. Horrekin batera, pantaila gero eta meheagoak egiteko sistemak garatu dira. Baina paper elektronikoa egiteko, ikerketa hori askoz aurrerago eraman behar da.

Dagoeneko, tinta elektronikoa erabiltzeko teknologia lortu da. Ideia oso sinplea da. Papera kapsulatxo asko dituen materiala balitz, horietan karga elektrikoen bitartez kontrolatutako likido bat sartu ahal izango genuke. Likidoa partikula zuriak dituen disoluzio beltza izan daiteke, eta horrekin paperean bi kolore horiek agerraraz daitezke. Tinta elektroniko hori kontrolatzeko, berriz, eremu elektrikoak zirkuitu elektroniko batez sor daitezke.

Lan hori Gyricon Media eta E-ink Corporation enpresek egiten ari dira, bakoitzak bere metodologia eta tresneria erabiliz. Hala ere, oinarria bietan ideia bera da. Bestalde, enpresa horiek aplikazioak bilatzen ari dira. Urrutitik alda litezkeen pantaila elektronikoak egiteko erabil liteke papera. Baina, noski, erabiltzaile askok espero duten aplikazioa beste zerbait da: horrelako materialez egindako liburu osoak, tamaina handikoak izan gabe, nahi adinako testu luzeak gorde ahal izateko.

Asmakizuna erakargarria bada ere, enpresa horietako buruek ez dute oraingoz arrakasta handiz merkaturatzeko itxaropen handirik, euskarriak pantaila-itxura baitu neurri handi batean. Pantailatik irakurtzea ez da izaten inoren gustukoa, eta horixe da erabiltzaile gehienen kezka nagusia.

Horregatik, enpresariak paper-itxurako tresna egiteko zain daude, ideia salgarria dela bermatu ahal izateko. Edozein modutan ere, ikerketa beste esparru askotarako ere erabilgarria izan daiteke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia