Papera: euskarri berriak sortzeko belar-zuntzak
2014/10/01 Legarreta Altzibar, Nerea - Irudigintza SailaArte Ederren Fakultatea Iturria: Elhuyar aldizkaria
Testuinguru artistikoan, euskarri berri bat sortu beharra daukagu, egoeraren araberako parametro berri bat ematen digun ezaugarri desberdinak dituena. Sorkuntza artistikoan, paperaren ezaugarriei dagokienez, haren ezaugarri fisikoak alderdi garrantzitsua dira. Izan ere, hainbat artelanetarako aproposak dira, eta adierazgarri bihurtzen dituzte lodi, mehe, garden, opaku, ahul eta beste hainbat adjektibo. Papera modu askotara eraiki, apurtu, josi, tolestu, ehundu, zulatu, grabatu edo maneiatu daiteke. Paper-zuntza geruzatan eraiki daiteke, ur-markekin, margoa izango balitz bezala erabili, moldeetan isuri, zizelkatu, eta abar. Zuntzak berezko kolorean utz daitezke, edota erabilera edo bakoitzaren interesen arabera tindatu edo findu; gainera, zuntzak ez diren beste material batzuk gehitu dakizkie (Allen, 2005). Papera baliozkoa da irudigintza, inprimatze, margolan, collage, argazkigintza edo eskulturarako, eta tamaina handietan erabil daiteke formatu anitzetan, instalazioetan, muntaietan, eta abar (1. irudia). Material gutxik dute hainbeste aukera sorkuntzarako.
Irudigintza eta lan grafikoaren testuinguruan, ikerketa praktikoaren eta analitikoaren beharrizanetik jaio da ikerkuntza hau, baita bi galderei erantzuteko ere: garatu, landu eta ekoitzi al ditzakegu merkaturatu gabeko zuntzezko euskarri berriak? Zeintzuk lirateke horren baldintzak eta balio erantsia?
Galdera horiek buruan ditugula, Euskal Herriko landare autoktono eta aloktono batzuk aukeratu ditugu, haien ezaugarriak direla-eta interesgarriak baitira gure helburuetarako. Bost alderdietan oinarrituta egin dugu aukeraketa:
1. Ezagutza, balioespena eta paper-zuntz gisa erabiltzeko egokiak diren landare-espezieen prospekzioa egitea.
2. Zuntza zuzen erauzteko eta erabiltzeko beharrezkoak diren fase teknologikoak aztertzea eta egokitzea.
3. Paperaren balio kualitatiborako ekoizpen-prozesuak ebaluatzea eta aplikatzea.
4. Emaitzen balorazioa eta kalitate-kontrola zorrotz egiteko saiakuntza eta propietate egokiak aukeratzea.
5. Euskarri gisa maneiatzeko ahalmena frogatzea, arte-elementu gisa erabili ahal izateko, irudi grafiko edo beste prozeduren barne-egitura izan dadin. Halaber, zuntzak manipulatu eta papera sortzeko erabilitako tratamendu teknologikoaren ezagutzak eskaintzen dituen adierazpen-aukerak balioztatzea.
Prospekzioa eta saikuntza enpirikoak
Nahiz eta hasieran komunitate desberdinetako (baso, oihanpe, belardi, degradatutako lur, labar, hezegune eta abar) landare baskularren behaketa orokorrean oinarritu ginen, geroago aldatu egin genuen erabaki hori, eta hurbileko espezieen prospekzio geografikoa hartu genuen aintzat. Kasu gehienetan, aurrekariak zituzten, edota parekotasunak zituzten ehun-zuntz edo papergintzan. Espezie-aniztasun handiena duen landare-komunitatea urarekin zerikusia duten belarrak izan dira: hezeguneetan, oihanpeetan, itsas erriberetan zein lorategi exotikoetan landatutako belarrak. Lehenengo taldean, gramineoak nabarmentzen dira, ziperazeoekin eta ihiekin batera; horietatik lortutako paperek aniztasun handia erakutsi dute. 17 familiari dagozkien 31 espezieren artean (2. irudia), banaketa-prozedura eta zuntzak lortzeko, denak lagindu ziren zehatz-mehatz.
Orokorrean, landa-lanean, erabili behar ziren landareen laginketa eta zehaztapenean, faktore hauek hartu ziren kontuan:
1. Ezagutza taxonomikoa, eta osasunerako toxikoak edo txarrak izan daitezkeen konposatuen ezagutza, baita likore gisa kontsumitzen direlako gerta litezkeen kudeaketa-arazoen ezagutza ere.
2. Aukeratutako belarraren ugaritasuna, erregulartasuna, eta birsortzeko erraztasuna.
3. Zuntza lortzeko literaturan deskribatzen den ekoizpen-sistema mota.
4. Paper-zuntz edo ehun-zuntz gisa erabili izanaren aurrekariak.
5. Landarearekin zerikusia duten beste erabileren balorazioa.
6. Deskribatutako espezieekiko hurbiltasun taxonomikoa (paper-zuntz gisa erabili izan direnak).
7. Prozesu eta kontsumoetan errentagarria izateko esklerenkima-ugaritasuna.
8. Landarearen atal desberdinak erabiltzeko aukera.
9. Landarearen zuntza erauzteko erraztasuna.
10. Landarea erraz lortzeko leku egokia izatea.
11. Ikerketa-esparru honetan emaitza berriak ematea.
Emaitzak eta eztabaida
Zuntzek paper-orri baten eskeletoa edo egitura osatzen dute (3-5. irudiak); hori dela eta, lortu nahi den erabilerarako edo aplikaziorako ezaugarri berezi batzuk eduki behar dituzte. Nahiz eta teorian edozein landare paper bihur daitekeen, praktikan hipotesi hori ez da hain bideragarria (Hunter, 1947), kontuan eduki behar baititugu landareen ezaugarri morfologikoak edo histologikoak. Batetik, landare guztiek ez dute zuntz-kantitate bera edo papera egiteko kalitate bera; eta, bestetik, aintzat hartu behar dira hazteko biotopoa, landarea batzeko sasoia, eta naturan dagoen espeziearen ugaritasuna eta eskuragarritasuna.
Papera egiteko, beste alderdi batzuk ere izan behar dira kontuan: zuntzek norabide edo kokapen nahiko homogeneoa izatea, kuantitatiboki edo kualitatiboki ugariak izatea, eta zuntzen arteko zubien erresistentzia eta oparotasuna. Gainera, garrantzitsua da jakitea ezen, nahiz eta zuntzen arteko zubietan eragina duten faktoreak horien ezaugarri fisiko eta kimikoen menpe dauden (batez ere, hemizelulosa eta lignina) eta, horrekin batera, landarean duten kokapenaren araberakoak diren (Atchison & McGovern, 1987), ondoren gauzatzen diren prozesuek (zuritzea, fintzea, hezetasunean prentsatzea, kalandratzea edo gehigarriak gehitzea, besteak beste) lortzen den paperaren ezaugarriei eragiten dietela (Jarman 1998).
Testuinguru tekniko-artistiko horretan eskuz egindako paperek zenbait baldintza bete behar dituzte: homogeneoa izatea; leuna edo harikorra izatea; batzuetan opakua eta besteetan gardena izatea; dimentsio egonkorrekoa izatea, tinta xurgatzeko uniformea izatea, eta, orobat, tentsioekiko erresistentea izatea eta denboran irautea. Gainera, ñabardura ugari izateak, ehundura kontrolatzeak, eta zuntz bakoitzarekin akabera desberdinak lortzeak motibatu egiten gaituzte. Saiakuntzetan erabiliko diren espezieen kontrol makroskopiko eta mikroskopikoak motibatzen gaitu, azken batean. (6-13. irudiak). Azterketa zehatz bat eginez eta prozesu tekniko protokolizatu baten bidez papera eskuz eginda baino ez dira posible izango ezaugarri horiek (López-Quintana & Legarreta, 2008).
Landare- espezieen aukeraketan emaitza onak bermatzeko, lehengai gisa, produktua egoki garatzeko beharrezkoak diren oinarrizko ezaugarriak ezarri ziren. Besteak beste, hauek dira nabarmenenak:
A. Landareen elementu anatomikoak aztertzea edo morfologikoki behatzea paperean.
B. Erabilitako hiru fintze-sistemen sekuentzien azterketa biometrikoa konparatzea: desintegratzailea, bola-errota eta pila holandarra.
C. Saiakuntza fisikoak. Gramajea, lodiera, dentsitatea, leuntasuna, gogortasuna eta porositatea, urratze-probak, zuritasuna, opakutasuna eta kolorea, higroezegonkortasun dimentsionala, kapilaritatea edota iragazte-maila kuantifikatu ditugu.
D. Gauzatuko diren prozesuetarako paper berrien egokiera aztertu duten saiakuntza mekanikoak.
Lortutako emaitzetatik, zortzi produktuen jokabidea zehaztu dugu, eta haien kalitatea hobetzeko eragiten duten aldagaiak. Hauek dira hautatutako landareak: Cladium mariscus, Cortaderia selloana, Iris pseudacorus, Lygeum spartum, Phragmites australis, Spartium junceum, Typha domingensis eta Zea mays (14-15. irudiak).
Ondorioak
Espezie desberdinen zuntzen luzeraren aldakortasunak, baita landare bereko organo desberdinetako zuntzen artean ere, paperezko produktu ugari sortzeko aukera eman du, adibidez Zea mays -en kasuan. Prospekzio-atalean, Cladium mariscus -en gaitasuna azpimarratu dugu, ikerkuntza-esparru honetan lehen aztertu ez den espezie berri bat delako.
Erreferentziak
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia