}

Papuako altxorra

2006/02/09 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Papua Ginea Berrian ikaragarrizko altxorra aurkitu dute Conservation International-eko espedizio batean: gizakiaren eraginaren arrastorik ez duen lurralde bat, eta, han, inoiz ikusi gabeko hamaika animalia- eta landare-espezie eta ustez desagertuta zeuden beste hainbat.

Irudiko hegaztia, esate baterako, berria da ornitologoentzat. Meliphagidae familiako hegazti bat da, eta 1939tik Ginea Berrian aurkitu den hegazti-espezie ezezagun bakarra da.

Horretaz gain, ikertzaileak bereziki harro daude Berlepsch-en paradisuko hegaztia (Parotia berlepschi) ikusi dutelako. Hegazti hori XIX. mendearen bukaeran ezagutu zen (Ginea Berriko bertako ehiztariek erakutsita), baina orain arte ez zen berriro aurkitu. Bada, espezie horretako ar bat ikusi zuten emea erakartzeko dantza egiten espedizioaren bigarren egunean.

Horiez gain, aurrez inoiz ikusi gabeko beste hamaika animalia- eta landare-espezie aurkitu dituzte. Besteak beste, zuhaitz-kanguru bat (Dendrolagus pulcherrimus), hogeitik gora igel, bost palma-landare eta lau tximeleta.

Espedizioa nahiko berria da: 2005eko abendukoa. Helikopteroz iritsi ziren gune hartara, Foja mendietako euri-oihanera, hain zuzen ere. Eta itzultzeko asmoa omen dute, oraindik ere asko baitago aurkitzeko.

Espedizioko partaide bati, Bruce Beehler doktoreari, elkarrizketa egin diote BBC katean, eta, Beehlerren esanean, ez badira itzultzen bere horretan jarraituko omen du gune horrek, gizakiaren eraginetik kanpo. Baina lurraldea babestea komeni omen da, eta jendeari aditzera ematea han aurkitutakoa; hala, publizitatea eginda, errazagoa izango omen da hura kontserbatzea.

Halako toki gehiago ba ote diren ere galdetu diote elkarrizketan, eta hau erantzun du: “Mundua hain txikia da gaur egun, hain menderatuta daukagu... Hainbatek ‘paradisu’, ‘Edengo lorategi’ edo ‘galdutako mundu’ deitu diote gu izan garen toki horri. Bada, atsegina da jakitea oraindik ere badirela gizakiaren eragina antzematen ez zaien tokiak”. Horregatik, merezi du altxor hori babesteko ahalegina egitea.

Argazkia: B. Beehler / Conservation International

Argazki gehiago ikusteko, sartu esteka honetako In Pictures atalean.