Paracelso: medikuntzaren iraultzailea
2002/11/01 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Errenazimentuko artearen, literaturaren eta zientziaren berpizkundean kokatu behar dugu Paracelso. 1493ko azaroaren 10ean jaio zen, Eisendeln izeneko herrixkan, Suitzan. Leonardo da Vinci, Copernico, eta beste hainbat zientzialariren garaikidea izan zen.
Aitarengandik jaso zituen medikuntzari buruzko lehen oinarriak, eta, gero, Europako hainbat unibertsitatetan ibili zen medikuntza ikasten. Alabaina, ez zuen inolako titulurik jaso, ikasketak amaitu aurretik unibertsitatetik alde egin baitzuen. Orduko medikuen artean zenbait autore klasikoren, esaterako Galenoren eta Avicenaren, teoriek izugarrizko indarra zuten, eta Paracelso ez zegoen batere ados autore horien ideiekin.
Unibertsitate-ikasketak utzi, eta Europan bidaiatzen hasi zen. Alkimia ikasi zuen eta guda askotan parte hartu zuen zirujau-lanak betez. Joan-etorri horietan gaixotasunaren iturrien eta horien tratamenduen inguruko teoria berriak osatzen hasi zen, baita teoria horiek aplikatzen ere.
Haren ospea handitzen joan zen apurka-apurka, ordura arte sendaezinak ziren hainbat gaitz sendatzeko gai izan zelako. Esaterako, sifilisa sendatzeko lehen botika eraginkorra berak asmatu zuen, merkurioan oinarritutako botika hain zuzen. Paracelso, alkimiatik ikasitako teknikekin, substantzia mineralez osatutako botikak egiten hasi zen. Ordura arte ez zen inor horrelakorik egiten saiatu.
Hala ere, alkimia erabiltzeagatik eta mirarizko sendaketengatik, inkisizioa oso gertu izan zuen beti, eta behin baino gehiagotan ezkutuan ihes egin behar izan zuen heresiaz akusatuta.
Medikua, naturaren laguntzailea
Galenoren jarraitzaileen ustez, gaixotasunak naturak eragindako desorekak ziren, eta medikuak naturaren aurka borrokatu eta hura gainditu behar zuen gaixoa sendatzeko. Paracelsok, berriz, gorputzak bere burua sendatzeko gaitasuna bazuela sinesten zuen, eta medikuaren lana naturari laguntzea besterik ez zela. Haren hitzetan: “Medikuak infekzioa saihestea lortzen badu, Naturak zauria sendatuko du”. Paracelsoren ustez, orduan magikotzat hartzen ziren ‘indar’ asko oraindik ulertu gabe zeuden prozesu naturalak besterik ez ziren.
Paracelsok proposatzen zituen teoriak eta sendabideak orduko pentsamoldearen guztiz kontrakoak ziren arren, medikuntza- eta kirurgia-irakasle postu bat eskaini zioten Basileako Unibertsitatean 1526an. Hala ere, bi urte besterik ez zituen iraun postu horretan.
Klaseak alemanez ematen zituen, orduan derrigorrezkoa zen latinaren ordez, eta klaseetara edozein sartzeko baimena eman zuen. Gainera, klaseetan bere ideiak eta teoriak irakasten zituen; are gehiago, Galenoren eta Avicenaren obrak sutan erre zituen publikoki, haien teoriak gaitzesten zituela erakusteko. Azken ekintza horrek, Paracelso oso famatua egiteaz gain, asko haserretu zituen unibertsitateko buruak, eta hiritik ezkutuan ihes egin behar izan zuen beste behin ere.
Basileatik ihes egin arren, jendea sendatzen jarraitu zuen, eta 1536an Der grosse Wunderartzney (Kirurgiaren Liburu Handia) publikatu zuen. Osasun-arazo askoren deskribapena zekarren liburuak eta baita horiek sendatzeko erremedioak ere. Azkenik, 1541ean hil zen, Salzburgen, ostatu bateko gela batean. Batzuen ustez gaitz larriren batek jota, beste batzuen ustez, aldiz, etsairen baten aginduz erailda.
Bizirik zela izan zuen jarraitzailerik, baina haren heriotzaren ostean hasi ziren teoria horiek benetan indarra hartzen. Haren liburuak famatu egin ziren, eta jarraitzaileek hainbat hizkuntzatara itzuli zituzten. Gainera, beste hainbat liburutan Paracelsok proposatutako teoriak interpretatu eta teoria berriak sortu zituzten. Hori dela eta, gaur egun ez dago batere argi non hasten diren Paracelsoren teoriak eta non bere jarraitzaileek gehitutakoak.
Edonola ere, Paracelsoren ideia apurtzaileen ondorioz bi aldaketa handi gertatu ziren zientziaren munduan. Alde batetik, medikuntzan gaitzaren tratamenduari buruzko ikuspegi berria eta substantzia mineraletan oinarritutako botiken erabilera zabaltzea lortu zuen. Bestetik, gaur egun kimika izenarekin ezagutzen dugun zientziaren atala alkimiatik guztiz banatzeko bidea ireki zuen.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia