}

Parkinsonaren tratamendu gisa erabil litekeen molekula bat sortu dute

2013/04/11 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

parkinsonaren-tratamendu-gisa-erabil-litekeen-mole

Parkinsonak kaltetu ohi duen garuneko eskualdean neuroinflamazioa eta neuronen heriotza gutxitzen dituen molekula bat sortu dute (S14) Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiak (CSIC) zuzendutako ikerketa batean. Emaitza onak lortu dituzte Parkinsona ikertzeko erabiltzen diren sagu-ereduetan, eta aurreikusi dute pare bat urtean entsegu klinikoekin has litezkeela, molekularen eragina gizakietan aztertzeko. Florencian izandako XI. Alzheimerraren eta Parkinsonaren Nazioarteko Kongresuan aurkeztu dituzte emaitzak.

“Gaixotasunari loturiko neurona-galera geldi liteke molekula horren eragin-mekanismoari esker” dio Ana Martínez Kimika Medikoko Institutuko ikertzaileak. Hain zuzen, ikerketan ikusi dutenez, neurona dopaminergikoak sortzea eragiten du S14 konposatuak sagu-ereduetan. Neurona dopaminergikoak dira, hain justu, Parkinsonak jotako pertsonek pixkanaka galtzen dituztenak. “Dagoeneko hasi gara ikerketa preklinikoa egiteko lanetan, eta, hala, hemendik bi urtera gizakiekin abiatu ahal izateko fase klinikoa”, gaineratu du Martínezek.

Mila pertsonatik batek du Parkinsona gaur egun, eta neuroendekapenezko bigarren gaixotasun ohikoena da pertsona zaharretan, Alzheimerraren atzetik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia