}
Enkarni Gomez Genua Ingeniaritzan Doktorea. Zientzialari feminista

"Pentsatu behar dugu nork jasaten dituen gure ikerketaren ondorioak"

2012/10/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Elkarrizketaren hasieran apal eta urduri aitortu duenez, bere ibilbidea ez da arrunta izan. Besteak beste, Euskal Herriko Unibertsitatearen Meatze Eskolan ikasgaiak euskaraz ematen lehenengoetarikoa izan zen; azken urteotan, eta eskola berean, zientziaz eta generoaz hausnartzeko tailerrak eman ditu; teknozientziak eta zientzialariek gizartean duten ardurak kezkatzen du; emakume ingeniari eta asmatzaileen erakusketa antolatu du; eta harreman estua du artearekin. Agian ez da ingeniaritzan doktore den baten ohiko ibilbidea izango, baina gustura ageri da hartu duen bidearekin.
pentsatu-behar-dugu-nork-jasaten-dituen-gure-ikerk
Arg. Juan Carlos Ruiz/© ARGAZKI PRESS
Bada uste duenik zientzialariak gizartetik aparte bizi direla; zu, ordea, gizarte-gaiei lotutako lanetan ezagutu zaitugu.

Bai, hori topiko bat da, eta nik ez ditut zientzialariei buruzko topiko asko betetzen. Nire munduan beti izan naiz ohiz kanpoko elementu bat, nire ibilbidea ez baita oso arrunta izan zientzia-munduan. Beti saiatu izan naiz zientziaren kritika bat egiten, edo, behintzat, kritika ez bada, hausnarketa bat egiten dugunaren inguruan.

Hasieran, ingeniaritzan sartu nintzen, eta materialei buruzko tesi bat egin nuen. Eta hortik abiatu nintzen ingeniaritza ikasketako irakasle izatera. Baina, bide horretan, hainbat gauza gertatzen zaizkizulako bizitzan eta horien gainean hausnarketa egin nuelako, hasi nintzen lanean zientzia eta teknologiaren eta generoaren arloan.

Hala ere, hor sakontzean, ikusi nuen gaia ez zela bakarrik zenbat emakume dauden zientzian edo ingeniaritzan, baizik eta hor bazegoela gogoeta bat zientziaren ezaugarriei buruz, eta hor buru-belarri sartu nintzen.

Generora mugatu gabe, ikuspegi zabalagoarekin aztertzeko, edo?

Hori da. Evelyn Fox Keller fisikaria eta epistemologoa da, eta hari irakurri nizkion lehenengoz horrelako gauzak. Hark esaten du hasieran horretan sartu zela kezkatuta zergatik emakumeek ez zuten parte hartzen, eta bukatu duela zientzia nolakoa den aztertzen.

Nire kasuan ere hala da. Hau da, ez da zer zailtasun dituzten emakumeek edo zer gaitasun falta duten zientzia-munduan sartzeko, baizik eta nolakoa den zientzia gure ikuspuntutik: zer balio dauden, zer ezaugarri dituen, neutroa ote den, zertan datzan objektibotasuna, zer interes dauden zientziaren atzean... Horretan ibili naiz azken urteetan.

Eta zer topatu duzu?

Hasteko, ikusi dut zer garrantzi duen zientziak gure gizartean. Horren gainean badaude ikerketak, eta erakusten dute XVII. mendeko zientzia-iraultzaz geroztik, Newton, Descartes eta hauez guztiez geroztik, nolabait zientziak ordezkatu egin zuela erlijioa.

Ordutik, zientziak gizartean sekulako garrantzia du; zientziak eta teknologiak. Izan ere, orain teknozientziaz hitz egiten da, eta teknozientzia da sare edo egitura bat biltzen dituena alderdi ekonomikoak, politikoak, zientifikoak... Eta gaur egun ez da existitzen zuk hasieran esaten zenuen zientzialari hori, bere laborategian bakartuta bizi dena; zientzialaria egitura horren barruan dago.

Orduan, zientziari ematen zaio garrantzi hori uste dugulako neutroa dela, objektiboa dela, eta hori gertatzen da guk bakarrik ikusten dugulako icebergaren punta. Adibidez, esaten dutenean "hau horrela da, zientifikoki frogatuta baitago", ez dugu ikusten horretara iristeko beharbada aurretik baldintza batzuk jarri direla, eta guri erakusten diguten emaitza icebergaren punta baino ez dela.

Niri bereziki interesatzen zait gai hau, iruditzen zaidalako gizarte gaixo batean bizi garela; bai gizartea, bai Lurra bera, gaixo daudela. Eta uste dut garrantzitsua dela zientzialariok hor dugun zereginari buruz hausnarketa egitea: zer ondorio dituen gure lanak, zer aplikazio... Beste arloek ere bai, e! Abokatuek, medikuek... denek dute erantzukizuna, baina ni zientzialaria naizenez, guk dugun erantzukizunari buruz hausnartzea nahiko nuke.

Arg. Juan Carlos Ruiz/© ARGAZKI PRESS
Zer uste duzu, bada, zientzialariak oro har ez direla behar adina arduratzen?

Ez da hori, nik ez dut inor epaitzen. Baina agian askotan bereizketa bat egiten saiatzen gara. Ez dakit geure burua zuritzeko den, edo hala pentsatzen dugulako. Edonola ere, ni gogoratzen naiz, materialei buruzko tesia idazten ari nintzela, bada, aplikazio asko militarrak direla, eta niri horrek kontraesan handiak sortzen zizkidan. Beharbada beste bati ez, e! Baina niri bai. Izan ere, eta berriz ere diot, zientzia ez baita neutroa. Eta zu ari zara ikertzen material batek zulatzeko duen ahalmena, berez materiala ezagutzeko. Segidan, ordea, aplikazioa dator, eta zuk badakizu jaurtigaiak egiteko erabiliko dutela, eta, beharbada, intsumisoa zara. Horrek sortuko dizu egonezin bat. Nire ustez, sortu beharko lizuke; niri sortzen zidan behintzat.

Nire zuzendariari edo lankide bati galdetzen nionean, esaten zidan "Enkarni, hori ez da zure arazoa. Zure lana da material horren ezaugarriak ezagutzea, eta hortxe bukatzen da zure lana. Zure lanarekin zer egingo duten beste batzuek, hori politikarien ardura da". Ni ez nago horrekin ados. Nik uste dut beste hori ere badela gure ardura. Gainerakoek baino ardura handiagoa dugu? Ez, bakoitzak bere esparruan du ardura, eta zientzialariok horretan ez gara desberdinak. Ezin ditugu horrela bereizi gauzak, eta pentsatu behar dugu nork jasaten dituen gure ikerketaren ondorioak. Galdera hau egin behar diogu geure buruari: "Ni prest nago ondorio horiek nire bizkarraren gainean hartzeko?".

Esaten zidaten beste gauza bat zen "zuk egiten ez baduzu, beste batek egingo du". Bada, egin dezala beste batek! Nik, ez. Nik uste dut gogoeta hori gehiago egin beharko genukeela. Kontua da gure lanaren ondorioak ez direla oso begi bistakoak; adibidez, gure gizarte supergaratu honetan ez ditugu ikusten guk egindako armek sortzen dituzten kalteak.

Urruti gertatzen direlako?

Edo hurbil ere gerta daitezke; gure gizartean ere arazo pila bat daude. Baina da unibertso paralelotan biziko bagina bezala. Lagun bati esaten nion bezala, itsasoa denontzat berdina da? Ez, batzuek bizipen batzuk dituztelako, eta beste batzuek, oso bestelakoak.

Adibidez, arrantzale batek eta surflari batek.

Hori da. Hortaz, guk askotan ez ditugu ikusten gure teknologiaren ondorioak. Eta ikasketetan ere ez da kontuan hartzen hori. Ingeniaritzan, behintzat, ez dago ikasgai asko horrelako gauzez hausnartzeko aukera ematen duena. Beraz, irakaslearen esku dago horrelakoak ematea, zeharka bada ere. Ikasgaien barruan txertatzea ez da erraza izaten, ordea. Agian beste karrera batzuetan, nabarmena denean pertsonekin ari zarela, hartuko dira kontuan horrelakoak; medikuntzan edo kazetaritzan, esaterako.

Baina nola zientzia ustez neutroa den, eta berdin duen hodi bat hemendik hona jartzea, edo errepide bat egitea handik edo hemendik, egiten da eta kito, ez da bestelako planteamendurik egiten, eta ez da pentsatzen zer ondorio dakartzan errepideak baztertzen edo lotzen dituen herrientzat eta nola eragiten duen inguruko eta urrutiko biztanleetan. Bereizketa egiten da: politikariek erabaki dute errepidea egitea, eta nik erabakitakoa bete baino ez dut egiten.

Nire ustez hori ezin da horrela bereizi, baina kultura hori ez dago txertatuta karreretan, eta gero norberak garatzea zaila da. Egia da gure bizitzak ere zailak direla, errepidea egiteari uko egiten badiot ondorioak izan ditzakegulako. Gainera, badakigu guk egiten ez badugu beste norbaitek egingo duela, eta, bitartean, gure seme-alabek ez dutela jatekorik izango. Erabaki pertsonal horiek ulergarriak dira; horregatik, ni ez naiz nor inor epaitzeko armak egin dituelako, edo proiektu bat bultzatu duelako Guatemalan edo auskalo zer ikerketa egin duelako. Baina gizarte bezala nahiko nuke hausnarketa bat egitea.

Beraz, nire kezka ez da bakarrik emakumeek bizitzen dutena. Feminismotik abiatu naiz, baina bide horrek beste ate batzuk ireki dizkit, eta orain hor nabil. Ez baita emakumeen arazoa bakarrik, baizik eta gizarte-egituraren arazoa. Pentsatu behar dugu nora doan gure gizartea, eta nik, edo guk, zientzialariok, zer egin dezakegun.

Arg. Juan Carlos Ruiz/© ARGAZKI PRESS
Eta zer egin dezakezue zientzialariok?

Hain zuzen, aldizkarian ikusi dut Amaia Perez Orozco [ Elhuyar aldizkaria, 286. zenbakia] eta niri asko gustatzen zaizkit haren tesietako batzuk. Adibidez, ekonomiari buruz, esaten du bizitza jarri behar dela ekonomiaren erdigunean. Nire ustez, horrek gure kasurako ere balio du, eta lehen ere horixe esaten nuen, beste hitz batzuekin bazen ere. Izan ere, Amaia Perez Orozco ezagutu aurretik, beste batzuen lanak irakurtzen nituen, Donna Harawayrenak, esaterako, eta hark Amaia Perez Orozcok esaten duenaren antzeko zerbait dio, baina galdera bidez: "Nor bizi da eta nor hiltzen da?". Galdera horrek nire ibilbidea markatu du. Azkenean, galdera hau egitea da: nire proiektu honen erdian, nor dago; nor bizi da, nor hiltzen da? Zer bizi-balio bultzatzen ditu? Zientziaren erdian bizitza jartzea, alegia.

Zientziaren eta teknologiaren lehentasuna bizitza izatea?

Bai, baina kontuan izanda bizitza guztiak ez direla berdinak. Galdetu behar da zer bizitza diren desiragarriak, bizigarriak; hori da Judith Butlerren lerroa. Hortaz, zientzialariok ere pentsatu behar dugu zer bizitza-klase den bizigarri, zer eratako bizitza eta zer gizarte nahi dugun bultzatu. Nire amak beste galdera hau botatzen zuen: "Honek edertasuna gehitzen dio munduari?". Eta nire ustez hori ere lerro berean dago.

Horren barruan, bi planteamendu daude: txaplatak jartzea, edo sakonera jotzea, osotasunera. Badago joera pentsatzeko teknologiak dena konpon dezakeela. Aurrekoan entzun nuen Espainian haurren obesitate-tasa munduko handiena zela. Eta egun batzuk lehenago, berriz, beste ikerketa bat aipatu zuten, zeinetan garunean jarritako txip baten bidez kontrolatu nahi zuten asetasuna. Txip hori izan daiteke soluzio bat haurren obesitatea tratatzeko, bai, baina niretzako hori txaplata jartzea da. Horren ordez, nik bilatuko nuke jakitea zer dagoen gaizki gizartean horrelako arazoak izateko. Txipa garatzen ari denak bizitzaren alde ari dela esango du, baina niretzako hori tirita bat baino ez da, horrek ez dio edertasunik gehitzen bizitzari.

Artearekin ere baduzu harremana, ezta?

Bai, horretaz hitz egin nahi dut, gainera. Nire ibilbide eklektiko horretan, joan naiz topatzen nire moduan ohiko ibilbidetik kanpo dauden pertsonak, eta orduan sortzen dituzu aliantzak. Hala, EHUren Berdintasun Masterrean, zientzia feminista gaia ematen nuen, eta banuen ikasle bat, Ainhoa Güemes izenekoa. Eta handik urte batzuetara, ikasle horrekin topo egin nuen beste leku batean, eta sortu zen konplizitate bat bion artean.

Ainhoa kazetaritzan aritzen da, berdintasun-teknikarirako master hori egin zuen, baina arte-munduan mugitzen da. Eta topo egin genuenean, duela 5-6 urte, sortu genuen lan berezi bat, webgune bat. Guk Artecnociencia deitzen diogu. Kontua da, mundua ulertzeko, zientziak garrantzi oso handia duela. Askotan hartu dugu zientzia mundua azaltzeko modu fidagarriena balitz bezala, objektiboena. Baina guk uste dugu badaudela beste bide batzuk --eta horietako bat artea da-- munduaren ikuspegi bat emango digutenak, agian zientzia bezain baliagarriak izan daitezkeenak, baina hainbeste onartzen edo bultzatzen ez direnak.

Eta hor gure aliantza zen, artista bat eta emakume ingeniari bat elkartu, eta esan: nola ulertzen dugu mundu hau ikuspuntu desberdinetatik, eta zer tresna garatu ditzakegu gizartean aldaketak bultzatzeko. Tresna bat artea izan daiteke. Zientzia ere bai, noski, eta zientziaren inguruan egiten dugun hausnarketa, baina baita artearen mundua ere. Guk egiten duguna da, alde batetik, lan artistikoa, eta, bestetik, artikuluak idazten ditugu, gizarte honen aldaketa edo hausnarketa bultzatzeko.

Ainhoa orain horrekin tesia idazten ari da, eta baditu hanka batzuk: zientzia, artea, filosofia... eta horrekin osatzen goaz gure puzzlea. Askotan material horrekin ez dakigu zer egin; nahiko bide berria da eta ez ditugu erreferente asko, ez dago metodologia finkorik... Nolabait, esperimentatzen ari gara, eta nik uste dut emaitza politak eman ditzakeela. Edonola ere, oso aberasgarria iruditzen zait hain trinkoa den gure zientzia-mundu horretara haize freskoa sartzea, eta nire ikasleekin ere saiatzen naiz horretan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia