}

PET, bikaina bezain garestia

2001/03/21 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

PET edo positroien igorpen bidezko tomografia orain bi urte hasi zen klinikoki aplikatzen, baina minbizia diagnostikatzeko eta tumoreak antzemateko teknika bikaina bada ere, oraindik ez da arrunt bilakatu, besteak beste, aparatua ospitale batean ipintzea ez delako inbertsio makala: batez beste, 500-700 milioi balio dezake.

Ziklotroien muga

Positroiak partikula subatomikoak dira, elektroien parekoak baina karga positiboa dutenak. Onkologian, positroiak igortzen dituzten substantzia erradioaktiboak tumoreak non dauden lokalizatu ahal izateko erabiltzen dira, eta horretan datza, hain zuzen, PET teknika. Prozesua bi urratsetan egiten da: trazatzaile erradioaktiboak sortu lehenik, eta trazatzaileak gaixoari injektatu ondoren.

Trazatzaileak erradioaktibo izateko egokitutako molekula organikoa dira. Molekula horiek funtzio biologikoa dute eta tumoreetan gertatzen diren fenomeno fisiko-kimikoetan parte hartzen dute. Horrela, tumorea non dagoen detektatzeaz gain, minbizia zeluletan gertatzen diren aldaketa fisiologiko, metaboliko eta biomolekular asko detektatu eta zenba daitezke. Donostiako Ospitale Onkologikoko Arrate Plazaola doktorearen ustez, aparteko teknika da tumoreak detektatzeko. "PETaren bidez, oso aldaketa txikiak antzemanez gaitza non dagoen jakin daiteke eta proba bakar batekin gorputz osoa ikus daiteke" azaldu zigun Plazaola doktoreak, "eta horiek abantaila handiak dira". PETa tumoreak lokalizatzeko dagoen teknikarik egokiena da, baina badu muga handi bat: kostua.

Teknika 70eko hamarkadan garatu zen eta asko erabili da ikerketa biomedikoan, baina trazatzaileak ekoizteko ziklotroien beharrak asko mugatu du bere zabalkuntza. Izan ere, ziklotroiak ikaragarri garestiak dira. Bestalde, markatzaile erradioaktibo gehienak oso azkar desintegratzen dira eta sortu bezain laster eta lekuan bertan erabiltzea beste aukerarik ez zegoen orain gutxi arte.

Erdibizitza luzeko trazatzailea

Fluoro-deoxi-glukosa-F18 (FDG) trazatzaileak, ordea, 110 minutuko erdibizitza du eta leku batetik bestera garraia daiteke. Ezaugarri horiek dituen trazatzaile bakarra da eta, berari esker, gaur egun ziklotroirik ez duten zentroetan PETa egiteko modua badago. Nahikoa da trazatzaileek igorritako seinaleak jasoko dituen aparatua izatea.

Euskal Herrian, bi ospitaletan daude PETa egiteko aparatuak, Bilbon bat eta Iruñan bestea. Nafarroan aparatu osoa dute, hau da, ziklotroia eta proba egiteko kamara eta Bilbon, berriz, kamara dute soilik eta trazatzaileak kanpotik eramaten dituzte. Behar izanez gero, beste ospitaleek haiei eskatzen dizkiete probak. Hala ere, PETak oso kasu zehatzetan soilik eskatzen direla adierazi digu Arrate Plazaolak: "minbizi-foku bat dagoenean eta gehiago dauden ez dakigunean, metastasia aurkitu denean baina hor hasi den ala ez, ez dakigunean, edo tratamendu baten ondoren gorputza guztiz garbi utzi dugula egiaztatzeko erabiltzen da batik bat.

"Bertan izango bagenu, ziur asko gehiagotan erabiliko genuke" aitortu digu Arrate Plazaolak. PET teknika sinpletu eta merkatu nahian hainbat ikerketa daude martxan munduan zehar. Azken berria Glasgow-eko Unibertsitatetik dator, han, mahai gainekoa izan daitekeen PET aparatua garatu nahian baitabiltza. Ikerketaren berri gaur eman dute Britainia Handiko Fisika Institutuaren kongresuan.

Aparatua joan den urtean fisikari nuklearrek garatutako teknika optiko batetik abiatuta egin dute eta konprimitutako eta anplifikatutako laser pultsuekin egiten du lan. Pultsua uraniozko xafla baten kontra igortzen da, uranioaren fisioa eraginez eta energia handiko partikulak askatuz. Ikertzaileen ustez, ziklotroiak ordezkatzeko moduko aparatua izan daiteke eta lehen prototipoa prestatzen ari dira dagoeneko. Oraingoz, PET egiteko aplikatu nahi dute, PET egiteko laser bat nola diseinatu badakitelako, baina etorkizunean protoi bidezko tratamenduetara egokitzea posible izango dela uste dute. Izan ere, protoiek geroz eta oihartzun handiagoa dute onkologian.

Albo-kalte gutxiago

Egun, elektroiak eta gamma izpiak erabiltzen dira erradioterapia bidez tumoreak suntsitzeko. Izpiak ahal bezain lokalizatuak igortzen dira, baina ezinezkoa izaten da tumorearen alboko ehun osasuntsuei ez eragitea, ezta tumorerako bidean zeharkatzen diren ehunei ez eragitea ere. Kalteak bereziki larriak izan daitezke garuneko tumoreetan eta, horregatik, hainbat ikertzailek protoietan ipini dute itxaropena. Protoiek, askoz kalte txikiagoa eragiten dute zeharkatzen duten ehun osasuntsuan eta energia guztia tumorera iritsitakoan askatzen dute. Tratamendua protoien bidez egitea posible balitz, askoz errazagoa izango litzateke suntsiketa tumorera soilik mugatzea, baina, zoritxarrez, tratamendu-mota hori oraindik ez dago prest.

Oraingoz ikerketan soilik erabiltzen da, ez tratamendu klinikoetan. Urte batzuk itxaron beharko dira protoi bidezko tratamenduak ospitaleetara iritsi aurretik, muga asko baitago oraindik gainditzeke. Besteak beste, protoiak nola sortu merke samar, egun ziklotroietan soilik sortu baitaitezke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia