Petrolio-zundaketak Euskal Herrian
2009/10/01 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ez dago ziur jakiterik toki batean petroliorik dagoen ala ez, lurrazala zulatu eta bertakoa analizatu arte. Ondo asko ikasia zuten hori petrolio bila bereziki Arabako probintziara hurbildu ziren Espainiako, Alemaniako nahiz Frantziako erakundeek. Izan ere, 1970ko hamarkadan ziur zeuden Araban petrolioa aurkitzeko probabilitatea ikaragarri handia zela.
"Zergatik batik bat Araban?" galdetuko du segur aski batek baino gehiagok. Petrolioaren ezaugarri nabarmenetako bat da mugitzeko eta migratzeko duen ahalmena. Ahalmen horri esker, zenbaitetan petrolioa lurrazaleraino iristen da. Kasu horietan, aztarna fosilak agertzen dira, hala nola arrokak inpregnatzen dituzten betunak edo asfaltoak. Arabako zenbait herritan, esaterako, Maeztun, Ataurin edo Urizaharran, badaude horrelako aztarna fosilak.
Bestalde, hidrokarburoak metatzeko behar-beharrezkoak dira zenbait tranpa edo egitura geologiko, esate baterako, antiklinalak edo diapiroak. Eta, orobat, ikusi zuten Arabako lurpeko geografiak antiklinal eta diapiro garrantzitsuak zituela. Beraz, Araban petrolioa aurkitzeko kondizioak ezin hobeak ziren. Hori zela eta, XX. mende osoan zehar aritu ziren petrolio bila Arabako lurraldean. Lehenengo petrolio-hobia 1911n egin zuten, eta azkena, berriz, 1997an.
Araba zulatuta
Ikerketarako ehunka baimen eskatu eta milaka metro zulatu ondoren, petrolioa aurkitzeko kondizioak aproposak baziren ere, emaitzek erakutsi dute petrolioa ez zela Araban harrapatuta geratu. Gaur egun badakite petrolioaren arroka-biltegiak ez zirela aproposak kasurik gehienetan, Maeztu inguruan salbu. Eta Maeztun ere, nahiz eta arroka-biltegi aproposak izan, egituraren antolamenduak huts egin zuen. Izan ere, irekita zegoen eta petrolioak migratu egin zuen.
Arabatik kanpo, badakigu, besteak beste, Elorrion, Zumaian eta Gastiainen ere zundaketak egin zirela. Ez dugu zundaketa horien datu edo berri handirik, baina horietan ere ez zuten petroliorik aurkitu.
Segur aski, petrolioa aurkitu izan balitz, ez litzateke gauza bera izango. Sekula ez dugu jakingo zer gertatuko zen, Araban egindako 55-60 zundaketetako batean --140.000 metro karratu baino gehiago zulatu ziren-- petrolioa aurkitu izan balitz. "Nolanahi ere, Arabako lurraldea Gruyere gazta baten moduan gelditu da. Gainera, zulo horietako batzuk 5.000 metro baino gehiagoko sakonera dute. Ikaragarria da, duela 50 urteko kontuez ari baikara. Garai hartan, petrolio-hobi bat egitea bizpahiru urteko lana izaten zen" kontatu du Kepa Baquedano kimikari gasteiztarrak.
"Gaur egun, oraindik ere, Arabako Castillo lurraldean egin zen ia 6.000 metroko zundaketa da Iberiar penintsulako zundaketarik sakonena. Ikaragarria da hori. Pentsa, munduko zulorik sakonena 10 km luze da, eta noraino irits zitekeen jakiteko egin zuten lan neketsu hura" gehitu du Baquedanok.
"Garai hartan petrolioa aurkitzeko egindako ahalegin guztiek ez zuten behar bezalako fruiturik eman, ez baitzen petroliorik aurkitu. Dena den, gertaera gogoangarriak utzi zituen. Izan ere, batetik, arestian aipatu bezala, zulaketa-marka guztiak hautsi egin ziren; bestetik, Iberiar penintsulan gasa aurkitu zuten lehenengo aldiz. Castilloko petrolio-hobian gertatu zen hori. Gainera, hobi hura 20 urte inguru egon zen gasa isurtzen eta Gasteizko bi enpresa hornitzen, hiruzpalau kilometroko gasbide bati esker. Gas ugari, baina petrolio-tanta bakar bat ere ez" dio Baquedanok.
Dena den, ondorio horiek guztiek apenas izan zuten eraginik arabarren ekonomian eta gizartean. Gainera, erakundeek diskrezio handiz egiten zituzten zuloak. "Sekretuz betetako mundu bat zen. Sekretu hori 10 eta 20 urte bitartean gorde zezaketen, aurkikuntzen edota zundaketen berri inori txintik esan gabe (ondoren publiko egin behar zuten). Garai hartako kazetariek kexu besterik ez ziren sekretismo horretaz" kontatu du Baquedanok.
Sekretismo horrek guztiak eta emaitzen eskasiak direla eta, ez da arreta berezirik jarri gai horretan. Dena den, kimikari gasteiztarrak datu-bilketa ikaragarria egin du Araban, eta hori guztia eta gehiago kontatzen du, hain zuzen ere, La búsqueda de petroleo en Álava liburuan. Izan ere, Iberiar penintsulako petrolioaren bilaketaren historia ezin egin daiteke Arabako kasua arretaz aztertu gabe.
Zulaturiko hobien berri eta zulaketa horiek egin zituzten belaunaldikoen lekukotasunak jasotzen dira liburu horretan, besteak beste. Halaber, garai hartako egunkariek ziotena eta artxibo pertsonaletatik ateratako argazkiak sartu ditu. Azken batean, Euskal Herriko historiaren parte den errealitate bat biltzen da, nahiz eta gaur egun gertaera hori ez den oso ezaguna.
Dena den, beharbada istorio hori ez da amaitu. Izan ere, arestian aipatu bezala, petroliorik ez, baina gasa aurkitu zen. Gas horren aurkikuntza albiste izan zen garai hartako egunkarietan. Gaur egungo berria, berriz, zenbat gas dagoen eta merkaturatzeko errentagarria den edo ez jakitea izango litzateke. Merkaturatzeko gas nahikoa dagoen edo ez jakiteko, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) jakinarazi du zenbait gas-prospekzio egingo dituela Gasteiz hegoaldean. Urrats berri bat emango dute, beraz, baliabide horren aurkikuntzan. Horretarako, AEBn soilik erabiltzen dituzten teknikak erabiliko dituzte. A priori, orain arte erabilitako teknikak baino praktikoagoak dirudite. Izan ere, Arabako lursailen antzeko AEBko lursailetan merkaturatzeko adina gas erauzteko gai izan dira. Orain arte bezala, kontu handiz aritu behar da, guztia bere horretan gera baitaiteke. Edo ez. Batek daki.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia