}

Petrolioa botikak egiteko

1992/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Petrolio-enpresa ospetsu batek, petroliotik urtero 130.000 tona olio lortuko duen lantegia irekiko du Frantziako Havre-n. Olioa farmazian (libragarriak egiteko) edo kosmetikan (leungarriak egiteko) erabil daiteke.

Dagoenekoz sudurrerako tantak, haurrentzako paketeak, biberoi-titiak, bizarra mozteko xaboiak, etab. "olio zuriz" eginak daude. Elastikotasuna, toxikotasun eza eta usainik eza izan dira plastikoen industriak kontutan hartu dituen ezaugarriak. Poliestirenoekin ere bat etorri da olio zuria. Behar den zurruntasuna ematen du eta elikagaiak ukitzeko ez dago arazorik.

Azala leuntzeko balio duenez, krema hidratatzailetan, haurrentzako olioetan, hortzak garbitzeko orean eta txanpuetan aurki daiteke olio zuria.

Gainera, olioa egiteko prozesuan ez da hondakinik sortzen. Beraz ekologikoki ere abantaila nabariak ditu.

Motore-olioa medikuntz olio bihurtzeko hondar-gasak eta aromatiko kantzerigenoak kendu behar dira. Horrela nazioarteko legeriak eta farmazi legeriak betetzen dituen produktuak lortzen dira. Salmenta-prezioa tonako 700 eta 900 dolar bitartekoa da eta hurrengo urteetan produkzioa hazi egingo dela espero da, 2000. urtean produkzioa 600.000 tonara iritsi daitekeelarik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia