Petrolioa desegiten duten hainbat bakterioren genomak deskodetu dituzte
2016/05/10 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
2010ean Deepwater Horizon petrolio-plataformak izan zuen isuria degradatzen lagundu duten bakterioen genomak deskodetu dituzte. Texasko Unibertsitatean egin dute ikerketa, eta Nature Microbiology aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.
Ikertzaileen arabera, erregaiak bi osagai nagusi ditu: batetik, alkanoak, bakterioek erraz degradatzen dituztenak; eta, bestetik, hidrokarburo aromatikoak, berez, degradatzen zailagoak. Azterketa genetikoa egin dutenean, ordea, ohartu dira bakterio batzuk uste zuten baino eraginkorragoak direla, baita hidrokarburo aromatikoekin ere. Alcanivorax eta Neptunlibacter bakterioak aipatu dituzte, adibide gisa. Edonola ere, nabarmendu dute ezen, espezie jakinen gainetik, bakterio-komunitate osoak duela garrantzia.
Ikerketan, bakterioek erabiltzen dituzten bidezidor metabolikoak argitu dituzte. Haien ustez, lortu duten informazioa baliagarria izango da erregai-isuriak dituzten lekuak leheneratzeko, bakterioak erabilita.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia