Petrolioarekiko, mendekotasuna garatu dugu
2003/06/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia | Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ikusten dituzun pinturek, erretxinek, ehun sintetikoek, plastikoek, gomek, botika askok eta zurtzat, metaltzat, edo beiratzat hartzen dituzun askok ere petrolioan dute jatorria. Beste era batean esanda, erregaien industria ez ezik, material sintetikoena ere petrolioan oinarrituta dago. Beraz, zer gertatuko da petrolioa agortzen denean?
Argi dago alternatibak behar ditugula, eta ez bakarrik ibilgailuak mugiarazteko. Zein dira alternatiba horiek? Asko idatzi dute adituek gai horri buruz, baina, oro har, ezinezkoa da etorkizunean petrolioaren lekua zerk hartuko duen iragartzea. Hasiera batean, irtenbidea esparru askotan egon liteke; bide asko hasi da energiaren industria jorratzen. Baina konfiantza handia dago oraindik petrolioan, eta, beraz, ez da aukera garbirik ikusten hautagaien artean.
Oro har, bi energia-talde nagusi hartu behar dira kontuan, hots, berriztagarriak direnak eta ez direnak. Bi talde horien artean non jarri behar diren indarrak eta non ez, oso gai eztabaidatua da gaur egun. Gaia pil-pilean dago, oinarrizko galdera bati erantzun behar zaiolako: bada energia-iturri berriztagarririk gizartearen kontsumoari eutsiko dionik? Eta baldin bada ere, nola egin dakioke aurre material sintetikoen ekoizpenak eskatzen duen lehengaien eskariari? Eta, ez bada, zein energia-iturri ustiatuko dugu agortzen den arte?
Orain artekoa, hemendik aurrerakoa
Argi dagoen gauza bakarra honako hau da: orain da galdera horiek egiteko une egokia; orain, petrolioa agortu ez zaigunean. Beharbada, eztabaida horretan abiapuntu bat izateko, zenbakiei egingo diegu so.
Munduan kontsumitzen den energia osoaren % 40 inguru dator petroliotik. Kontuan hartu behar da herrialde askok ez dutela gizarte garatuenen teknologia erabiltzen, eta, beraz, herri guztiek ez dutela petrolioaren behar bera. Herri garatuak bakarrik hartuko bagenitu kontuan, ehuneko hori askoz handiagoa izango litzateke. Nolanahi ere, modu batean edo bestean ikusita, petrolio-kantitate oso handiaz ari gara. Orduan, nondik dator petrolio hori guztia?
Petrolio gordinaren erreserbarik handienak Ekialde Ertainean daude, Saudi Arabian gehienbat, baina baita Iranen, Iraken, Qatarren, Kuwaiten eta inguruetan ere. Hala ere, ez pentsa ekoizpen handiena herrialde horiena denik. Gehien ekoizten dutenak Saudi Arabia, Errusia eta Ameriketako Estatu Batuak dira. Gogoratu behar da petrolioa ekoizteak merkatuan prezioak erabakitzeko ahalmena ematen diela ekoizle handi horiei, eta, horrekin batera, munduko ekonomiaren kontrola dutela.
Bestalde, azpimarratu behar da Estatu Batuak direla munduko kontsumitzailerik handienak, beraiek bakarrik ekoizpen osoaren laurdena erabiltzen baitute. Europa ez da atzean geratzen: % 20 inguru kontsumitzen du. Eta beste herrialde batzuk ere zerrenda horretan sartu behar dira, Japonia, esate baterako, eta hala eta guztiz ere, zerrenda ez da oso luzea: herrialde gutxik kontsumitzen dute petrolioaren zati handiena.
Geroari begira
Eta etorkizunean, zer? Oro har, kontsumoa gora doa, eta, horrekin batera, mendekotasuna ere bai; iragarpenen arabera, 2020rako eskaera bikoiztu egingo da. Efektu horrek bi eragile ditu: herri garatuak, gero eta gehiago kontsumitzen dutelako, eta 'garatze-bidean' dauden herriak, gero eta petrolio-eskaera handiagoa dutelako. Munduko populazioa hazten ari da, eta horrek esan nahi du energia-beharra ere gero eta handiagoa dela.
Begira diezaiogun orain sokaren beste muturrari; petrolioaren prezioarekiko duten mendekotasunari aurre egin nahirik, herri aberatsek garapen teknologikoa bultzatzen dihardute. Datuei begiratuz, ahalegin horrek hutsala dirudi, bai, baina herri gehienak ari dira petrolioaren erabilera eraginkorrago baten bila. Petrolioaren erreketari ahalik eta etekin handiena ateratzeko, teknologia hobetzen ari dira etengabe.
Baina eraginkortasuna ez da industriaren ardura soilik. Gizarteak ere badu zereginik prozesu horretan; besteak beste, birziklatzean eta hondakinen tratamenduan aurrera egiten den heinean, lehengaiarekiko mendekotasuna txikiagotu egingo da. Eta, neurri batean, kaleko kontsumitzailearen ardura da hori guztia.
Eraginkortasuna handitzeko ahaleginek ezin dute mendekotasun hori desagerrarazi. Baina argi dago ahalegin horiek petrolio-upelaren prezioa igo ahala gehiago nabarmentzen direla. Eta hori gertatu ala ez, petrolio-erreserbak agortzen hasten direnean, erregai alternatiboen ikerketak ugaritu egingo dira. Hala beharko du.
Petrolio-jabeak ez daude geldi, eta ezta egongo ere. Produktua etengabe garestitzen den arren, petrolio-hobiak azkeneko tantaraino ustiatzeko gai diren teknikak garatzen ari dira eta putzu berrien bila jarraitzen dute.
Petroliorik gabeko kimika
Egingo dugu sintesi kimikorik petrolioa agortzen denean? Bai, noski; petrolioa ez da konposatu kimikoen iturri bakarra. Dena dela, egia da industria kimikoaren zati handi bat petrolioaren produktu deribatuetatik datorrela, polimeroen kimika, batez ere.
Polimeroak molekula erraldoiak dira, eta milioika atomo izan ditzakete; laborategian, molekula txikiak bata bestearen atzean kateatuta sintetizatzen dituzte. Hor sartzen da petrolioa: molekula txiki horiek, olefinak gehienetan, petroliotik erauzten dituzte. Lortzen duten katearen tamaina, itxura eta abar kontrolatuta, bukaerako materialari ezaugarri jakin batzuk eman dakizkioke. Horrez gain, hainbat gehigarrik laguntzen du bukaerako produktuaren propietateak aldatzen.
Hasierako molekulak ez ezik, gehitzen dituzten substantzia guztiak ere jatorrian petrolioa dira, edo petroliotik erauzitakoen eraldaketa kimikoa. Eraldaketa kimiko horiek, gainera, jatorri bereko beste produktu batzuen bitartez egiten dituzte. Beraz, mendekotasuna erabatekoa da.
Baina zer gertatuko da lehengaiak agortzen direnean? Nondik aterako du industriak behar dituen produktu guztiak?
Nondik ote?
Landareetatik produktu kimiko asko erauz daitezke, eta erauzten dira. Baina prozesu garestia eta konplexua da, substantzia batzuen kantitate txikiak lortzeko egokia, baina ez gizartearen kontsumoak eusteko adinakoa.
Beste irtenbide batzuk bilatu beharko dira, eta dagoeneko badaude ideia berritzaile batzuk. Ideia gehienak, ordea, ez dira egingarriak, garestiegiak direlako, eta, oraingoz, petrolioak askoz aukera merkeagoa eskaintzen duelako produktu kimikoak lortzeko.
Baina petrolioa agortzen ari da… ala ez? Inork ez daki zenbat petrolio geratzen den. Iritzi guztiak espekulatiboak dira. Gainera, norbaitek baldin badaki zenbat geratzen den, zalantzarik gabe, petrolio-konpainiek dakite. Dena dela, petrolio-konpainiek ez dute dakiten guztia aitortuko. Zientzialari askoren ustez, aitortzen dena baino petrolio gehiago geratzen da lurpean, baina konpainiek ez dute esango ez non eta ez zenbat dagoen.
Dena dela, noizbait murriztuko da ekoizpena. Zer gertatuko da orduan?
C1-aren kimika
Lurpetik ez da petrolioa bakarrik erauzten; gas naturala ere erauzten da. Esate baterako, Ipar Itsasoko erreserba askotan petrolioa, eta beste askotan gas naturala erauzten dira (ikus 28. orrialdeko mapa). Azken batean, gasak eta petrolioak jatorri bera dute; baina gasa gehienbat metanoa da, hau da, hidrokarburorik arinena, eta gas-poltsa handietan biltzen da, ganga-itxurako egitura geologikoetan.
Gasa petroliotik sortzen da, milaka urte irauten duen prozesu baten bitartez. Petrolioak karbono-atomo asko dituzten molekula handiak ditu hasieran, baina pixkanaka apurtu egiten dira. Zenbat eta denbora gehiago pasa lurpean, orduan eta molekula txikiagoak izaten ditu, hau da, denboraren poderioz gero eta karbono-atomo gutxiagokoak sortzen dira, eta hainbat petrolio-hobitan karbono-atomo bakarreko molekulak dira nagusi, metanoa, alegia.
Metanoa molekula organikoa da, eta horrek esan nahi du erreakzio organiko ezagunen bitartez elkarri lotu eta beste konposatu asko era ditzaketela, zalantzarik gabe; prozesu horiei C1-aren kimika deritze. Noski, oraingo egoerarekin konparatuta, prozesu hori ere garestia da, baina etorkizunean ikusi egin beharko dugu.
Batzuen ustez, C1-aren kimika petrolioaren ordezkoa izan daiteke kimikaren lehengaiei dagokienez; gas naturala agortzen ez den bitartean, behintzat. Baliabide hori ere agortuko dela jakin arren, horrela luzatu egingo litzateke irtenbide bat bilatzeko epea. Epea luzatu, bai, baina noiz arte? Gutxienez, irtenbide berriak bilatzeko aukera izango genuke. Gero gerokoak; eta zaila da esaten gerokoak nolakoak izango diren.
Polimeroak desegin
Beste irtenbide batzuk ere badaude, eta gaur egungoak. Harritzekoa da dagoeneko martxan dagoen teknologia. Materialei dagokienez, polimeroetatik jatorrizko osagaiak erauzteko teknologia horren adibidea da. Molekula erraldoi horiek molekula txikietatik abiatuta egin badira, ez da posible erraldoiak puskatu eta jatorrizko molekula txikiak berreskuratzea? Bada posible; horretarako teknologia martxan jarri dute. Birziklatzearen ideia bera da, baina materialak birziklatu ordez, materialen osagaiak birzikla daitezke.
Ideia oso ona da, milioika material polimeriko galtzen baitira gaur egun botatzen ditugun hondakinen artean. Lehengaia hondakinak izango lirateke. Hala ere, muga betikoa da, prozesuaren prezioa, alegia. Alemanian prozesu hori probatu zen, eta emaitza ez zen oso ona izan: polimeroak 'despolimerizatzea' interesgarria izateko, petrolio-upela 40 dolarretan saldu beharko litzateke, gutxi gorabehera. Urte asko pasako dira merkatuak horri heldu baino lehen.
Energia berriztagarriak alternatiba dira?
Energia berriztagarriei energia alternatibo ere deitu izan zaie, baina oraindik ere ez dago garbi petrolioaren ordezko bezala benetako aukera bat ote diren. Zalantza hori hor dago, bai: gaur egungo energia-eskaria betetzeko gai izango ote dira?
Ez. Hala uste dute gehienek behintzat. Egia esan, zaila da petroliorik gabeko mundua imajinatzea. Horren aurrean, zenbaiten ustean irtenbide bakarra kontsumoa murriztea izango da. Baina prest gaude gure “bizi-kalitatea” edo, hobeto esan, gure bizimodu erosoa bezain kontsumitzailea kolokan jartzeko? Nekez.
Energia berriztagarriak garatzen jardun duten ikertzaile eta teknikariek aurkako korronte horren aurka egin behar izan dute. Begira dezagun atzera. Nork esango zuen duela hogei urte energia eolikoa errentagarria izango zela? Edo gure baserrietan ura eguzki-plaken bidez berotuko zela? Inor gutxik. Eta emaitzak begien aurrean dauzkagu.
Kontuan izanda energia berriztagarrien ikerketan lan gutxi egin dela orain arte, zer gertatuko zen duela 50 urte ikerketa horietan buru-belarri sartu izan bagina? Petrolioaren mende egongo ginateke? Kontsumo-ohitura berak izango genituzke?
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia