}

PFAS substantziekin uste baino kutsatuagoak daude mundu osoko urak

2024/04/15 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

pfas-substantziekin-uste-baino-kutsatuagoak-daude

Ur-baliabideen zati handi bat PFAS substantziekin kutsatua dago, eta kasu askotan, segurtasun-atalaseak gainditzen dira. Ondorio horretara iritsi dira, mundu osoko azaleko eta lurpeko urak aztertuta, Nature Geoscience aldizkarian argitaratu duten ikerketa batean.

PFAS izenaren azpian substantzia-talde zabal bat dago: 14.000 konposatu baino gehiago. Asko erabiltzen dira, industrian eta ohiko kontsumoko produktu askotan; hala nola, sukaldeko tresna itsasgaitzetan, elikagaientzako ontzietan eta ehun iragazgaitzetan. Substantzia horiek oso iraunkorrak dira ingurumenean, eta toxikoak eta osasunerako arriskutsuak izan litezke. Horregatik, zenbait herrialdetan PFAS batzuen erabilera eta ekoizpena debekatuta dago, eta herrialde askok edateko urak izan ditzakeen PFAS mailak erregulatuta dituzte.

Ikerketa honetan PFAS mailak neurtu dituzte mundu osoko azaleko uren 12.000 laginetan eta lurpeko uren 33.900 laginetan eta ehuneko handi batek erreferentziazko balioak gainditzen dituztela ikusi dute. Proportzio hori aldatu egiten da kontuan hartzen den erregulazioaren arabera. Adibidez, kutsadura-iturri ezagunik gabeko lurpeko uren laginen % 69k Kanadak ezarritako  muga gainditzen du, baina proportzio hori % 6ra jaisten da, Europako Batasunak ezarritako irizpideak kontuan hartzen badira.

Bestalde, ikerketak agerian utzi du PFASak monitorizatzeko egungo programek gutxietsi egiten dutela substantzia horien poluzio-maila, programa horietan aztertu ohi den PFAS-kopuru mugatua dela eta. Hala, oso litekeena da baliabide hidriko globalen benetako kutsadura gaur egun dokumentatuta dagoena baino handiagoa izatea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia