Phoenix, akabo
2008/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Bost hilabete eman ditu Phoenix zundak Marteko gainazala aztertzen, datuak eta argazkiak bidaltzen. Azaroaren 2an, ordea, zundaren seinaleak jasotzeari utzi zioten NASAn, eta hilaren 11n bukatutzat eman zuten misioa, ez baitute uste hemendik aurrera Phoenix-ek seinalerik bidaliko duenik. Energiaz hornitzen duten eguzki-plakek ez dute jasotzen, antza, zunda martxan izateko behar adina energia, negua iritsi ahala gero eta eguzki-argi gutxiago iristen ari baita zunda dagoen lekura. Gainera, hauts-ekaitz bat izan zen inguru hartan, eta horrek are gehiago oztopatu zuen eguzki-argia iristea. Hala ere, horretan diharduen taldeak esan du jarraituko duela Phoenix-ekin harremanetan jartzen saiatzen, berriro piztuko balitz ere.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia