Pikobilifitoak, itsasoko alga ezagutu berriak
2007/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Nazioarteko ikertzaile-talde batek orain arte identifikatu gabe zegoen alga-mota baten berri eman du Science aldizkarian. Atlantikoaren iparraldeko eta Mediterraneoko hainbat lekutan aurkitu dute. Itsasoko fitoplanktonaren osagai bat da, uretan esekiduran dauden algetako bat, alegia. Eta fitoplanktonaren barruan bizidun txikienen artean sailkatu dute, pikoplankton esaten zaion taldean. Pikobilifito izena eman diote, alde batetik, pikoplanktonaren parte delako.
Izenak, bestetik, algaren beste ezaugarri bat adierazten du, alegia, algak fikobili proteinak dituela. Berez, ez da arraroa alga batzuek proteina hori izatea, argi-energia harrapatzen laguntzen baitu, klorofilak fotosintesia egin dezan. Kontua da normalean fikobili proteina mintzari lotuta ageri dela, eta, oraingoan, algak fotosintesia egiten duen organuluaren barruan aurkitu dutela. Horrek pentsarazi zien ikertzaileei alga-mota berri bat zela.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia