Pikuak nekazaritzaren hastapenetan
2006/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Orain arte, zientzialariek uste zuten pikondoak duela 6.500 urte inguru etxekotu zirela, Ekialde Hurbilean. Jordan Haranean topatu dituzten piku-fosil batzuk aztertuta, ordea, nekazariak pikondoak landatzen dezente lehenago hasi zirela ondorioztatu dute Israelgo arkeologoek.
Zehazki, duela 11.400 -11.200 urtekoak direla kalkulatu dute, eta oso egoera onean daude. Horri esker, ikusi dute fosildutako piku-barietate hori antzua eta jangarria dela, besteak beste, eta ezinbestekoa duela gizakiaren parte-hartzea hazteko.
Beste ondorio bat ere atera dute arkeologoek: itxura guztien arabera, piku horiek dira nekazaritzaren lehen aztarnak. Ustez, zerealak ziren gizakiak landatutako lehen landareak; alabaina, etxekotutako lehen zereal-fosil zaharrenak baino mila urte inguru lehenagokoak dira pikuak.