}

Pinguino homosexualak baino askoz gehiago

2009/07/11 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Batek daki zergatik, baina sexu bereko animaliek sexu-harremanak izateak atentzio handia ematen dio askori. Hala, bi pinguino arrek arrautza bat adoptatu dutela edo antzeko kontuek ezohiko oihartzuna izaten dute komunikabideetan. Alabaina, sexu bereko animalien arteko harremanak ez dira arraroak; alderantziz, Kaliforniako Unibertsitateko biologo baten arabera, animalia-espezie ia denetan izaten dira halako jokabideak.

Pinguinoak ez ezik, bonoboak, izurdeak eta ozpin-euliak ezagunak dira jokabide homosexualak izateagatik. Eta pertsonak, noski. Beste espezie batzuk, ordea, ez dira hainbeste aztertu, edo ez dira hainbeste lan argitaratu haiei buruz. Horrek, baina, ez du esan nahi halako jokabiderik izaten ez dutenik. Hain zuzen, animalien jokabide homosexualak azaltzen dituzten ikerketak aztertu ditu Nathan Bailey biologoak, eta, hasi zizareetatik eta igeletara edo hegaztietara, espezie gehienetan topatu du adibideren bat.

Pinguinoetan ez ezik, animalia-espezie gehienetan topatu ditu Baileyk sexu berekoen arteko sexu-harremanen adibideak.

Nolanahi ere, biologoak ohartarazi du ezen, nahiz eta ikertzaile askok izen bera erabili hainbat jokabide deskribatzeko, gehienetan jokabide horiek oso desberdinak direla espezie batetik bestera, eta ez dutela esanahi bera batzuetan eta besteetan. Gehiegi sinplifikatu dutela, alegia, eta kontua orain arte gehienek uste izan duten baino askoz konplexuagoa dela.

Esate baterako, ozpin-euli arrek batzuetan gorteiatzen dituzte beste ar batzuk; bada, hori egiteko arrazoia da bi sexuak bereizteko gaitasuna ematen dien genea falta dutela ozpin-euli horiek.

Beste espezie batzuetan, ordea, faktore genetikoak ez dira hain agerikoak, edo ez dute hainbesteko garrantzirik. Izurdeetan, adibidez, arren arteko sexu-harremanek taldea sendotzeko balio dute. Albatros-espezie batean, berriz, eme askok bikotekide emeak izaten dituzte; bikote horiek bizi osorako izaten dira, eta elkarrekin hazten dituzte txitak. Beste espezie batzuetan, plazera lortzea beste helbururik edo ondoriorik ez dute izaten jokabide horiek. Eta, kasu horietan guztietan, azalpena ez da gene bat falta edo sobera dutela.

Eboluzioan duten eragina ere aztertu du Baileyk. Izan ere, zientzialarien ustez, jokabide horiek (sexu berekoak izanda batak bestea gorteiatzea edo estaltzea, edo kumeak elkarrekin haztea) hautespen naturalaren ondorio dira; hau da, eboluzioan zehar, jokabide horiek sortu dira eta iraun egin dute, hautespen naturalak horien alde egin duelako.

Eboluzio-eragile

Bailey, baina, haratago joan da, eta proposatu du halako jokabideak, hautespenaren ondorio ez ezik, eboluzioaren eragile ere badirela. Hain zuzen, sexu berekoen arteko harremanek taldearen egituran eragin dezakete; adibidez, harreman horien ondorioz, ugaltzeko aproposak diren animalien taldetik kanpo geratzen dira banako batzuk.

Sexu bereko animalien arteko sexu-harremanek eboluzioan duten eraginaren bestelako adibideak ere topatu ditu Baileyk. Otarrain arrentzat, esaterako, kaltegarria da beste arrek beraiek estaltzea. Hala, parazetilnitriloa jariatzen dute; horren bidez, beste arrek beraiek estaltzea saihesten dute. Hortaz, kasu horretan, arren arteko estalketak parazetilnitriloa sortzen duten arren alde jokatu du eboluzioan.

Zenbaterainoko garrantzia dute geneek halako jokabideetan, inguruko faktoreekin alderatuta? Baileyk galdera egin, eta ez du erantzunik eman. Hala ere, haren esanean, hori jakitea oso baliagarria izango litzateke hobeto ulertzeko nola eboluzionatzen duten sexu bereko animalien arteko sexu-jokabideek eta nola eragiten duten beste ezaugarrien eboluzioan.

Eta, animaliez hitz egitean, pertsonez ere ari da Bailey. Agian, hori da arrazoia; agian, horregatik dute hainbesteko oihartzuna pinguino homosexualei buruzko albisteek...

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia