Pinguinoak espaziotik
2012/04/19 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Pinguino enperadorearen zazpi kolonia berri topatu dituzte biologoek satelitetik egindako argazkiak erabilita. Azken estimazio horren arabera, 595.000 ale ikusi dituzte, azken erroldako kopuruaren bikoitza gutxi gorabehera. Biologoen ustez, horrek ez ditu bertan behera utzi behar espeziea kontserbatzeko kanpainak, populazio handi horrentzat klima-aldaketa mehatxua baita.
Populazioaren datuak nazioarteko biologo-talde batek aurkeztu ditu satelitez egindako lehen erroldaren barruan. Orain arte, animalia horien populazioa argazkien bidez kalkulatu izan da; animalia sozialak dira, hau da, koloniatan bizi dira, handiak dira, eta, lehorrean daudenean, ez dira ia mugitzen. Baina koloniak dauden tokietaraino joan behar izateak zailtzen du lana. Horregatik egin dute errolda sateliteko irudiak erabilita. Satelitetik ateratako argazkiak pansharpening teknikaren bitartez tratatu dituzte irudia handitzeko. Bereizmen handiko irudi normalak eta bereizmen txikiko beste irudi batzuk, espektroaren tarte ez ikusgaiaren maiztasunekin hartutakoak, konbinatzen ditu teknika horrek. Teknikaren bitartez, kolonien argazkietan, pinguinoak, itzalak eta guano-orbanak bereizi ahal izan dituzte, errore-maila oso handia izan gabe: 80.000 pinguinoren gorabehera egon daiteke populazioaren azken datuetan.
Satelite-irudien bidezko errolda egiteak aukera eman die biologoei koloniak sistematikoki bilatzeko. Diotenez, teknika hori erabilita jarraipena egingo diote hemendik aurrera populazioaren eboluzioari.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia