Pintura sentikorra
2001/05/15 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Newcastle-ko Unibertsitateko ikertzaileen arabera, laster pintura-geruza bat nahikoa izango da zubi baten egitura hondatuta dagoen ala ez jakiteko. Pintura berriak, gainera, zubi arinagoak, merkeagoak eta dotoreagoak eraikitzeko aukera emango omen die ingeniariei.
Newcastle-ko Unibertsitatean prestatutako pinturak propietate piezoelektrikoak ditu, hau da, tentsio mekanikoen eraginpean, pinturaren gainazalean karga elektrikoak agertzen dira, eta seinale elektrikoa tentsioarekiko proportzionala da. Pintura bibrazioa neurtzeko eta zubietan gerta daitezkeen pitzadura eta kalteak detektatzeko bide baliagarria eta fidagarria dela uste dute ikertzaileek, orain arteko frogetan emaitza onak eman baititu. Adibidez, denboran zehar bibrazioak neurtuta, zubiaren nekea nola handitzen den kalkula dezakete eta arriskutsua noiz bihurtuko den iragarri. Izan ere, bibrazioek sortutako nekeak pitzadurak eragiten ditu eta, azkenerako, istripu larrien eragile izan daitezke.
Hala ere, pinturak bibrazioen noranzkoa bereizten ez duela eta, eraikinen tentsioa neurtzeko metodo unibertsal bat ez dela dioten ahotsak ere entzun dira. Oraingoz, Londresko Milenium zubian egingo dituzte lehen probak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia