}

Pirinioetako printzea, mehatxupean

2005/09/15 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Sarrioak mendian bizi dira, haitzetan. Arinak eta izuak, ihes egiten dute gizon-emakumeak inguruan sumatu orduko. Baina egon badaude, eta ez da zaila haiekin topo egitea Pirinioetan, adibidez.

Azkenaldian, ordea, larri daude. Birus batek jota, asko eta asko hiltzen ari dira. Catalunyako Cerdanya-Alt Urgell erreserban bakarrik, sarrioen errolda % 85, 6 gutxitu da azken urte honetan. Hain zuzen, iaz 563 sarrio zenbatu zituzten lurralde hartan, eta aurten 81 besterik ez.

Inguruko lurraldeetan ere egoera benetan kezkagarria da. Gaitza Mediterraneo aldera ari da hedatzen, baina litekeena da edozein unetan joera aldatzea eta mendebalderantz etortzea. Izan ere, mendikateak ez du etenik, eta birusa airez transmititzen da.

Argazkian ageri den moduan, birusak erabat ahultzen ditu animaliak. Sarrioen mukosei eragiten die birusak, eta barrutik nahiz kanpotik nabarmentzen zaizkie sintomak. Azkenean, hil egiten dira.

Pirinio osoko arduradunak oso kezkatuta daude, eta elkarlanean ari dira, gaitza gelditzeko modua aurkitu nahian. Bitartean, izurriak ez du atzera egin. Oraingoz ez dago albiste onik, beraz.

Argazkia: Servei d’Ecopatologia de Fauna Salvatge.Universitat Autònoma de Barcelona.