Pisako Dorrea, berriz ere ikusgai
2001/12/17 Elhuyar Zientzia
Mendez mende jasan duen okertzeak oso entzutetsua egin du Pisako Dorrea, baina azken urteetan areagotu izanak larritu egin zituen adituak. Hori dela eta, konponketa-lan garrantzitsuetan ibili dira, eta, azkenean, 11 urtez itxita egon ondoren, asteburu honetan ireki da berriz ere.
Urte asko eman dituzte dorrea zuzentzeko estrategia egokiaren bila. Hasieratik proposamen bitxi ugari jaso zuten: dorrearen erreplika bat eraiki eta dorrea okertu den aldean jartzea, eutsi ziezaion; pisua gal zezan dorrean 10.000 zulo egitea, etab. Horrela, 1995ean nitrogeno likidoa sartu zuten lurrean, lurra izoztu eta dorrea geldi manten zedin, baina okertzen jarraitu zuen. Azkenean, irtenbiderik sinpleena aukeratu zuten: dorrearen alde batean lurra kendu zuten, dorrea alde horretarantz itzul zedin. Era horretara, dorrea gradu erdiz zuzentzea lortu dute.
Hala ere, okertzea ez da azken urteetako arazoa. 1173an hasi ziren dorrea eraikitzen, eta handik 12 urtera dagoeneko metro eta erdiko aldea zegoen dorrearen oinarrian, hego- eta ipar-aldeen artean. Izan ere, dorrea lur buztintsuetan eraiki zen, ezegonkorrak diren sedimentuetan.
Obraren arduradun Michele Jamiolkowski ingeniariak adierazi duenez, horri esker dorreak ez luke erortzeko arriskurik izan behar gutxienez beste 250 urtez. Pisako Dorrea luzerako izango da, beraz, bere katedralaren zaindari.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia