}

Pitagorasen txokolatea

2010/05/02 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Askok eta askok gorroto dituzte matematikak, batik bat nerabezaroan edo eskola-garaian. Dena den, matematikak ez dira, askok hala uste badute ere, eguneko errealitatetik urrun dagoen mundu bat, egunerokotasunean aplikatzen den zientzia baizik. Edozein arlotan, gainera. Berriki, txokolate-industrian aplikatu dute, pentsa!
(Argazkia: Jose Luis Lopez de Subiria ).

Segur aski, inoiz ez zenuen pentsatuko txokolate-tableta bat egiteko matematikak lagungarri izango zirenik edo formula matematikoak aplikatu beharko zirenik, ezta? Hona hemen gutizia gozo horren adibide bat. Kataluniako Enric Rovira txokolategilearen azken sorkuntzan matematika izan da garrantzizko osagaia. “Nik dakidala, lehenengo aldia da txokolateari matematika-problema bat aplikatzen zaiona” dio txokolategileak.

Dena den, ez da bakarkako lana izan. Txokolategileak diseinatzaile eta matematikari baten laguntzaizan du horretarako. Hain zuzen ere, diseinuzko txokolate-tableta bat sortu dute Enric Rovira txokolategileak, Donostiako Laia diseinu-estudioko Santos Bregaña diseinatzaileak eta Enrique Zuazua matematikariak. Pitagorasen teorema izan da pieza horren abiapuntua. Pitagoras filosofo eta matematikari greziarrak proposatu zuen teorema hori, eta honela dio: hiruki zuzen baten katetoen karratua, hipotenusaren karratuaren berdina da.

Triangelu guztiek azalera bera

Txokolateari matematika-problema bat aplikatu zaio . (Argazkia: Jose Luis Lopez de Subiria ) .

Pitagorasen teorema adituta, pentsa daiteke txokolatea hirukiz edo triangeluz osatuta dagoela; eta hala da, bai. Ohiko txokolate-ontza karratuak edo laukizuzenak alde batera utzi, eta triangelu angeluzuzenek eta zenbait karratu zentrokidek osatzen dute tableta. Gainera, txokolate-tableta horren atzean, problema matematiko bat ezkutatzen da. Horrenbestez, triangelu guztiek, nahiz eta itxura ezberdina izan, pisu berdina dute. Azken finean, helburua da, hartzen duzun zatia hartzen duzula, txokolate-kantitate berdina jatea.

Diseinuari edo marrazkiari arretaz begiratuta, beraz, zati edo puska ezberdinak diruditenek azalera berdina dute. Bregaña diseinatzaileak argi zeukan irudia bere buruan, baina ez zekien proportzio horiek nola kalkulatu. Bost karratu zentrokidez osatutako mandala bat irudikatu zuen. Karratu bakoitzetik lau triangelu angeluzuzen ateratzen ziren; hau da, guztira 20 triangelu lortzen ziren. Triangelu guztiek azalera berdina dute, nahiz eta itxura ezberdina izan.

Enrike Zuazua matematikariak eman zion soluzioa Bregañak proposatutako problemari. Horretarako erabili zuen, hain zuzen ere, Pitagorasen teorema. Karratu baten barruan dauden lau triangelu berdinetatik abiatu zen. Karratuaren alde bakoitzari bateko balioa eman zion, eta, ondoren, eskolan ikasten diren oinarrizko formulakaplikatu zituen. Horiek guztiak aplikatu zituen diseinatzaileak, marrazkiaren proportzioak eta distantziak hartzeko. Matematikaria erditik abiatu zen kanpora ailegatzeko, eta diseinatzaileak, berriz, kontrakoa egin zuen. Hala ere, emaitza berdina izan zen: diseinuzko txokolate-tableta.

Zati edo puska ezberdinak diruditenek azalera berdina dute.
Jose Luis Lopez de Subiria

Emaitzak, txokolate-tabletak, alegia, elikatzeaz gainera garuna astintzera gonbidatzen du. Matematikak tartean diren seinale. 20 triangelu ezberdinetan zatituta dago tableta. 180 gramo pisatzen du, eta 13 euroan dago salgai. Gourmet dendetako produktua da, eta, oraingoz behintzat, gezurra badirudi ere errazagoa da Tokion aurkitzea Bilbon baino. Edozein zati hartuta ere, 9 gramo gastronomia, diseinu eta matematika jango dituzu. Trebea izan behar da horretarako, ordea. Izan ere, ez da erraza zati bakoitza bere markatik haustea.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia