Piztizaleon berriak: Iraila
1999/09/05 Elosegi Irurtia, Migel M.
Dena den, tenore hau arras eskuzabala dugu. Sasiak masustaz josita daude, antxumelo edo patxaranak elorri-beltzetan, larrosak fruitu gorriz beteta... eta, gainera, euririk eta giro epelik egin baldin badu perretxiko-kolperen bat suerta liteke. Animaliek noski, ez dute energia metatzeko aukera paregabe hau pasatzen uzten eta amorruz jaten dute zer datorkien jakinda edo...
Azken putzuei begira
Lehortu ez diren putzuetara egindako azken bisitaldian oraindik ere apaburu mordoska aurkitu dugu, baina hauetariko asko igeltxo edo apotxo bihurtzear zeuden. Uretako bizimoduari agur esan ahal izateko, besteak beste, buztana zurgatu eta hankak eta birikak garatu beharko dituzte. Horiek burututa, lehorrean biziko dira baina larruazala beti heze mantendu beharko dute.
Putzu berean belaunaldi berriko suge gorbataduna ere aurkitu dugu. Bizi-bizi, gisa honetako gaztetxoek ahal den guztia ehizatzen eta kozkortzen saiatu behar dute negua iristen denerako sasoian eta indartsu egon daitezen. Izan ere, neguan zehar orain metaturiko energiari esker biziko dira eta behar adina hazten ez badira, ez dira bizirauteko gai izango.
Putre-festa
Zalaparta ikaragarrian, dozenaka sai arre ardibide batean hildako ahuntza jaten ari dira. Otordu hauetan elegantzia gutxi baina haragia garbitzeko abilidade bikaina ikusiko dugu. Ahuntzak ez du askorik iraun; saiak mokoka hasi direnetik ordu laurden inguru edo. Haragia, hesteak, tendoiak eta barren guztiak janda, larrua eta hezurrak besterik ez dituzte utzi. Sarraskijale hauek, ordea, lan ezinhobea burutu dute: haratustelaren energia birziklatu eta bidenabar, honek sor lezakeen kutsadura ekidin.
Birziklapenarekin aurrera
Dena den hildako ahuntzaren birziklapena ez da hemen amaitu. Izan ere, Pirinioetako alde honetan bizi den ugatzak bigarren urratsari ekingo diogu. Sai berezi hau hezurretaz eta hauen barruko muinez elikatzen da eta hauek garbitu ondoren, hildako animalietatik ezer gutxi geratu ohi da. Tamaina handiko hezurrakirentsi ahal izateko sarraskijale harrigarri honek hankekin heldu eta gora igotzen ditu hegan. Bere burua harkaitzen baten parean ikusten duenean, hezurra askatzen du lurra kolpatuz puska dadin. Gero, lurreratu egiten da puska hauek bilatu eta irensteko. Zoritxarrez, hegazti dotore hau ikaragarri urria da. Azken urteotan populazioak zertxobait hobera egin badu ere, Pirinioetan gaur egun, 70 ugatz-habi inguru besterik ez daude.
Hegazti askoren migrazio-garaia
Aurreko bi hilabeteetan hegazti-mugimendurik egon bada ere, irailean ikusgarria bilakatzen da hau. Etxeko leihotik, adibidez, egun batzuetan enara azpi-zuriak argi-indarreko harietan elkartzen ikus genitzake eta egun batetik bestera alerik ere ez dagoela ohartuko gara. Saharako basamortutik haranzko lurraldeetara joko zuten, hantxe gelditzen baitira udaberrira arte. Usapalek eta galeperrek ere Afrikarantz migratzen dute tenore honetan, baina ingurunearen aldaketa bortitzen eta ehizaren eraginez, ez dira garai batean bezain beste ikusten.
Hauxe dugu harrapariak migratzen ikusteko hilabete onena. Paseko egun on batean, gabiraiak, aztoreak, belatz gorriak, belatz handiak, arrano txikiak, sugezaleak, arrantzaleak, mirotz zuri eta urdinak, eta abar ikus daitezke, eta espezie desberdinak bereizten ikasteko aukera berebizikoa da. Harrapari hauek gehienak planeatzaileak ditugu eta haizea berotuta sortzen diren korronte termikoak hartzen saiatzen dira ahalegin txikiena eginez bidaiatzeko. Eguerdi aldeko orduak, hortaz, egokienak izan daitezke hegazti hauek behatzeko.
Erne Txingudi, Urdaibai eta gainontzeko hezeguneetan, zangoluzeen mugimendu handia egon daiteke eta. Pirinioetan berriz, Lindux, Ibañeta, Lizarrieta eta Organbidexkan, jadanik prest ditugu hainbat taldetako ornitologoak migratzaileen urteroko zentsoak egiteko. Aukera paregabea migrazioari buruz ikasi eta bidenabar, jende jator askoa ezagutzeko.
Artzainak ere migrazioan, erronkaritarren ardibidean
Lehen elurteak iritsi aurretik, artzainek abereak hartu eta beheranzko bidea hartuko dute. Hau dela eta, San Migel alderako normalean, goiko larreetan animalia gutxi ikusiko dugu. Azken finean, larre-aldaketa hauek eta arestian aipatutako hegaztien migrazioaren artean antzekotasunik bila daiteke. Honela, batzuk zein besteak, urtaro desberdinetan, bazka ugariena eta giro onena duten lekutan egoten dira. Normalean artaldearekin leku-aldaketa handiegiak egiten ez badira ere, Nafarroan bada 6-7 egunetako eta 130 km inguruko bidea egiten duen artzainik. Erronkaritarren ardibidean, adibidez, 20.000 buru mugitzen dira urtero Pirinioetako goi-larreetatik negua igaroko duten Bardeetako lurretaraino.
Igaraba ur-salto freskoetan
Gutxi dira Europa aldean igarabak bezain martxa txarra eraman duten ugaztunak. Animalia gizarajo honek denetatik pairatu behar izan du: ibaiak poluitu eta ibai-bazterreko landaredia txikitzeaz gain, gizakia gogor saiatu zen arrantza kaltetzen zuen aitzakian erditik kentzen. Igaraba, ordea, gure animalia ederrenetarikoa da. Alaia eta jostalaria da, igerilari eta arrantzale aparta, eta ibaien osasun-egoeraren adierazle fina. Euskal Herrian, ongi samar kontserbaturiko ibaietan besterik ez da bizi: Aragon, Ega, Bayas, Zadorra eta ez askoz gehiagotan. Garai honetan, kumeak hazita ditu eta ama bazkaleku onenak aurkitzen erakusten ari zaie. Ur gutxi eta epel antza dagoen sasoi honetan eta, beti bezala, arrainen esperantzan, ur-jauzi freskoen inguruan ibiltzea gustatzen zaie. Nekez ikusiko dituzue, baina agian arrastoak aurkitzerik izango duzue.
Oreinen amodio-tenorea
Maaaaaaaooooooooo. Hilaren erdialdetik aurrera, Gorbeia, Kinto eta Irati aldeko basoetan, orroe ikaragarriak entzungo dira. Oreinak ditugu, eta tenore honetan araldian sartzen direnez, sutan daude. Arrak marraoka aritzen dira, inguruetako arerioak erakarri nahian, hauekin indarrak neurtzeko. Adar dotoreekin bultzaka lehian aritzen dira eta portaera honen bidez hautespen zorrotza ematen da. Ar indartsuenak irteten dira garaile eta hauexek estaliko dituzte emeak, belaunaldi berri sendoa ziurtatuz. Lanaldi itzel honek, ordea, lehertuta uzten ditu basoetako jaunak eta negua goiz samar eta indartsu iristen denean... larri ibiltzen dira ugaztun bikain hauek.
7Kn argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia