}

Plaketak gordetzea posible da

2002/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

E. Arrojeria

Plaketak zauriak ixten laguntzen duten odoleko zelulak dira. Ospitaleetan zelula horien behar handia dago eta odol-biltegietan gordetzen dira. Baina biltegiratzerako orduan arazoak egoten dira, epe luzerako gordetzea ez baita posible. Ezin dute giro tenperaturan bost egun baino gehiago iraun bizirik eta, izoztuz gero, zelularen egiturak hondatu eta hil egiten dira.

Kaliforniako Unibertsitateko zientzialari-talde batek zelulak liofilizatu eta berpizteko modua asmatu du. Liofilizazio-prozesua zelulak bat-batean izoztu eta izotza sublimatzean datza. Izoztean gerta daitezkeen arazoak konpontzeko, zeluletako ura azukre batekin ordezkatzen dute, trehalosarekin hain zuzen.

Molekula horrek urak betetzen duen funtzio bera du zelula barruan. Proteinak eta antzeko egiturak babesten ditu eta izoztean molekulak egonkor mantentzea ahalbidetzen da. Behin lehortu ostean, urtebete baino gehiagoz gorde daitezke eta, erabili behar diren momentuan, ura gehitzea nahikoa da zelula berpizteko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia