}

Planeta bat nola hoztu

2009/03/08 Korta Hernandez, Nerea - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Klima-aldaketak hizpidea ekarri du azkenaldian: Lurraren berotzea hondamena izango dela... 2001ean berotzea gelditu egin zela... Iritziak iritzi, berotegi-efektuko gasak dira, adituen ustez, klima-aldaketaren erantzule nagusiak. Gas-emisioa murrizten ez denez, zientzialariek Lurra “hozteko” ideiak jarri dituzte mahai gainean. 2009aren hasiera honetan, East Angliako Unibertsitateko ikertzaileek proposamen horien bideragarritasuna aztertu dute.
Pinatubo sumendia erupzioan, 1991ko ekainaren 12an. Hogei milioi tona sufre dioxido bidali zituen estratosferara. (Argazkia: USGS )

Zientzialarien soluzioa geoingeniaritzaren bidetik dator, hau da, teknologia erabiltzea proposatzen dute planetaren egoeran eragiteko. Lurra hozteko helburuarekin, besteak beste, itsasoko planktona ongarritzea, sumendi-erupzio bat simulatzea, karbonoa bahitzea eta espazioan itzalkin bat ezartzea proposatu dute.

Itsasoko planktonak, esaterako, CO2 asko “irensten” du fotosintesia egitean. Horregatik, itsasoa burdin partikulekin ongarritzea pentsatu dute, CO2-a atmosferatik desagerrarazteko. Hala ere, egin diren probetan ez da argi frogatu CO2-a itsas hondoan geratu den edo atmosferara itzuli den.

Espazioan itzalkin erraldoi bat ezartzeak, bestalde, Lurrari itzala egingo lioke, poluitu gabe. Siliziozko milioika disko espaziora bidaltzea da ikertzaileen ideia. Paketetan jaurtiko lirateke, eta, behin diskoak zabalduta, itzalkin-itxurako egitura handi bat osatuko lukete. Hori bai, kostu handiegiak izango lituzke.

Roger Angel zientzialariak proposatutako espazio-itzalkina. Siliziozko milioika diskoz osatuko litzateke, eta Lurrera doan eguzkiaren argia % 2 murriztuko luke. ( Ilustrazioa: Roger Angel, UA Steward Observatory )

Bada, halaber, martxan dagoen beste teknika bat: karbonoa bahitzea. Hain zuzen ere, Norvegiako Statoil petrolio-zentralak 10 milioi tona CO2 hondoratu ditu itsasoan 12 urtez. Baina, kasu honetan ere, inork ez daki gasak noiz arte geratuko diren itsas hondoan.

Ikertzaileen proposamen gustukoena sumendi-erupzioarena da. Historiak frogak utzi ditu: 1991n, Filipinetan, Pinatubo sumendia lehertu zen, eta estratosferan 20 milioi tona sufre dioxido sartu zituen kolpean. Horrek Eguzkiaren energia lurreratzea oztopatu zuen, eta, hortaz, Lurraren batez besteko tenperatura jaitsi egin zen. Baina zientzialariek ez dute sumendi bat leherraraziko. Haien ideia da estratosferara milioika tona sufre dioxido bidaltzea, globo batzuk erabilita. Horrek Eguzkiaren energia orain baino % 1 gehiago islatuko luke espaziora. Ikertzaileen ustez, teknika hori da erabilgarriena 2050. urterako planetaren tenperatura industrializazio aurreko mailara itzultzeko, baina baita arriskutsuena ere. Izan ere, etengabe sufre dioxidoz hornitu ezean, berotze ikaragarri azkarra ekar lezake.

Berotegi–efektua

Industrializaziotik emititzen diren berotegi-efektuko gasek Lurra berotzea eragin dute. (Argazkia: Reuters; Ilyia Naymushin ).

Berotegi-efektua planetak duen gaitzik larriena dela esan izan da maiz. Baina, harengatik ez balitz, munduaren batez besteko tenperatura –19 ºC ingurukoa litzateke. Mekanismo natural bat da: atmosferako gas-sorta batek Eguzkiaren beroari pasatzen utzi, eta barruan eusten dio. Baina industrializaziotik, berotegi-efektuko gasen kantitatea asko igo da, batez ere CO2-a. NBEren datuek erakusten dutenez, 2100. urterako 1,4 ºC eta 5,8 ºC artean igoko da tenperatura, baina neguak oso hotzak eta gogorrak izango dira.

Hori saihesteko, ordea, ez dira aski geoingeniaritzaren teknikak. East Angliako Unibertsitateko Tim Lenton irakasleak esan duenez, “geoigeniaritzak bakarrik ezin du arazoa konpondu, baina proposatutako mekanismo batzuk berotegi-efektuko gas-emisioen murriztearen osagarriak izan daitezke”.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia