‘Planeta’ definitu nahian
2005/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Pluton baino haratago gorputz handiak aurkitu ahala, eztabaida areagotzen ari da: planetak dira? Pluton bera ere planeta bat da? Bada, planeta bat zer den eta zer ez den definitzeko, aditu-talde bat bildu da. Aditu horiek Astronomiaren Nazioarteko Batasuneko (IAU) kideak dira. Eta, oraingoz, hartu duten erabakia hau da: planeta hitza kalifikatzaile batekin erabili behar dela.
Noski, orain kalifikatzaileak erabaki behar dira. Aditu horietako baten proposamena da Plutonentzat eta Plutonetik haratago dauden gorputz handientzat 'planeta transneptunoar' terminoa erabiltzea, eta gainerako planetentzat orain arte ere erabiltzen diren 'lur-planeta' eta 'gasezko erraldoi' terminoak erabiltzea. Dena dela, argitu dute azken horiek izendatzea ez dela talde horren betebeharra, IAUrena baizik.
Baina proposamen horrekin ez datoz denak bat; izan ere, Pluton transneptunoarra dela esatean kokapenari egiten zaio erreferentzia, eta egokiagoa izango omen litzateke objektu horien ezaugarrien araberako kalifikatzaile bat erabiltzea. 'Nano izoztuak' izango lirateke orduan.