}

Planeta-ehiztarien Eddington misioa

2002/01/17 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Europako planeta-ehiztariak Lurraren tamainako planetak ikusteko gai izango den lehenengo espazio-ontzia lortzeko ahaleginean murgilduak daude. Eddington izeneko misio hori ESAk ( Europako Espazio Agentziak) onartua izan arren,
diru-laguntzen zain dago.

Espazio-ontzia Lurraren eta Eguzkiaren arteko orbita batean 4 urtez egongo litzateke inguruko 500.000 izarren argi-irudiak jasotzen, noizbait haien paretik pasatutako planetaren baten itzala ikusteko asmoz.

Izarren biraketa

Teknika horren bidez gaurdaino 70 planeta berri atzeman dira, baina denak tamaina itzelekoak, gutxienez Jupiterren tamainakoak. Orain arte, ordea, lurraren biraketa eta atmosferako interferentziak direla medio, ezin izan dute denbora nahikoa pasa izar horiek aztertzen. Planeten
orbitatze-abiadura neurtuz, planetok beraien izarretatik zein distantziatara dauden jakin daiteke. Horrela bizia izateko aukera duten ala ez, hau da, eremu hotzegi edo beroegitik at dauden edo ez kalkula daiteke.

Bestalde, Eddington-en kamera, izarren azaleko argiaren aldaketak aztertuz izarren barneko eztandak ikusteko gai da. Zientzia hori, astroseismologia deiturikoa, espazioko baretasunean soilik jar daiteke martxan. Ikerketa horiek izarren eta galaxien garapena ulertzeko baliagarri izanen dira, baita izarren adina eta distantziak neurtzeko metodoak hobetzeko ere.

Lehiaketa garaia

ESAk espazioko zientzia-misioen aurrekontuen murrizketa aurkeztu zuenetik, Eddington ek baztertua izateko arriskua zuen. Kontuan izan behar da NASAk diru-laguntza eman berri diola Kepler misio amerikarrari. Kepler misioa Eddington-en antzekoa da, baina teleskopio handiagoarekin lan egiten du. Orain gertatzen ari den aurrekontuen murrizketak, ordea, Eddington-en alde joka lezake, misio merkeagoa eta fidagarriagoa izaki. "NASA ere aurrekontuak murrizten ari denez, Eddington-ek erraz aurki lezake aukera bat" dio Alan Penny Eddington proiektuko kideak.

William Borucki NASAko kideak, aldiz, segurtasunez dio Kepler misioak ikuskatuko dituela planeta berriok lehenengoz, baina, "hau ez da lehiaketa bat" nabarmendu du "misio garrantzitsua da eta gure zientziarentzat ekarpena izango da".

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia