}

Planeta-itxurako gorputza eguzki-sistemaren mugaldean

2004/03/16 Lexartza Artza, Irantzu - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Gorria eta distiratsua da, eta Pluton baino hiru aldiz urrunago dago Lurretik. Planeta-itxurako gorputz horri Sedna (inuiten ozeanoko jainkosa) izena jarri diote oraingoz, eta, 1930ean Pluton aurkitu zutenetik, eguzki-sisteman aurkitutako gorputzik handiena da.
NASA.

Astronomoek uste dute 1.700 kilometroko diametroa izan dezakeela, Plutonen tamainaren hiru laurden. Orbita osoa egiteko 10.500 urte behar omen ditu, eta Eguzkitik 130.000 milioi kilometrora dago urrunen dagoenean. Oort hodeian aurkitutako lehen gorputza izan daitekeela uste dute. Aspalditik proposatu da hodei hori Lurretik ikusten diren hainbat kometaren sorlekua izan daitekeela, baina ezin izan dute orain arte hango gorputzik detektatu.

2003ko azaroan ikusi zuten gorputza lehen aldiz, eta ordutik hainbat behaketa egin dituzte zenbait teleskopio erabiliz. Satelite bat izan dezakeela ere esan dute astronomoek, baina hori ziurtatzeko Hubble teleskopioaren irudiak beharko dituzte.

Dagoeneko hasi dira Sedna eguzki-sistemaren hamargarren planeta izango ote delako espekulazioak, eta, dirudienez, tamaina izango da gakoa hala den ala ez erabakitzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia