}

Plasma-igorlea, bakterioak suntsitzeko

2005/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Plasma-igorlea, bakterioak suntsitzeko
2005/12/01 | Elhuyar
(Argazkia: artxibokoa)

Plasma igortzen duen tresna erabilerraz bat egin dute fisikari estatubatuar batzuek. Plasma-igorle hori txikia da, eta, ikertzaileen arabera, egokia medikuntzan erabiltzeko; izan ere, frogatu dute laborategian E.coli bakterioak suntsitzen dituela inguruko ehunak kaltetu gabe. Hortaz, uste dute ahoko bakterio-plaka ezabatzeko egokia izan daitekeela beste bakterioei ere berdin eragiten badie.

Plasma kargadun partikulen eta elektroien zopa bat da. Atomoei bat-batean elektroiak kentzean sortzen da plasma, adibidez, tximistetan edo eguzki-zorrotadetan. Elektroi-galera hain bortitza denez, tenperatura oso altua izaten du plasmak.

Alabaina, ikertzaileek asmatutako tresnak giro-tenperaturan sortzen du plasma, eta, beraz, egokia da pazienteekin arriskurik gabe erabiltzeko. Hori lortzeko, tentsio handiko kobrezko bi elektrodoren artean pasarazten dute helioa. Helioa ez da erraz ionizatzen, baina ikertzaileek erabiltzen duten gasak oxigeno-arrastoak ditu; hala, oxigeno-molekulak hautsi egiten dira, eta sortzen diren oxigeno-atomoek bakterioa suntsitzen dute.

Bakterioak garbitzeko baliagarria izateaz gain, minbizi-zelulak suntsitzeko ere erabil ahalko dela uste dute ikertzaileek. Dena dela, medikuntzan erabiltzen hasi aurretik, ikerketa sakonagoak egin behar dituzte. Besteak beste, plasmak bakterioa nola suntsitzen duen maila biokimikoan aztertu nahi dute, eta zelula-mota espezifikoak suntsitzeko plasma-igorlea nola modulatu ere jakin behar dute.

Berriak labur
4
1
215
2005
12
011
Medikuntza