}

Plastiko biodegradagarria

2001/09/07 Astobiza, Amaia


Plastikoak degradatzea oso zaila denez, luze irauten dute inguruan; bestalde, plastikoa erretzean konposatu poluitzaile eta toxiko asko aireratzen dira. Horregatik, plastiko-hondakinek kalte larriak eragiten dituzte ingurugiroan. Arazo horren irtenbidea plastiko biodegradagarria asmatzea da, eta horretan ari dira laborategi askotako ikertzaileak. Italian, % 92,7 biodegradagarria den plastikoa egiteko sistema garatu dute. Hori da, orain arte, lortu den biodegradagarritasun-mailarik handiena.

Biodegradagarritasun-maila handiko plastikoa egiteko sistema Milango Unibertsitateko Bioteknologia Saileko zientzialari-talde batek garatu du. Osagai nagusia kortxo naturalaren estraktua da; hogei egun baino gutxiagoan degradatzen da, eta, gainera, ez du CFCrik (klorofluorokarburoa) isurtzen atmosferara. Plastiko berri hori uretan eta karbono dioxidotan deskonposa daiteke.

Proiektuaren arduraduna Luca Mattia katedraduna da. Mattiak azaldutakoaren arabera, orain arte egindako saiakeretan lortu den mailarik handiena % 60koa izan da, eta guztietan CFCa isurtzen zen. Oraingoan, ostera, % 92,7ra heltzea lortu dute, poluitzailerik isuri gabe, gainera.

Adituen ustez, plastiko hori industriako produkturik garrantzitsuenetakoa izango da etorkizunean. Izan ere, plastikoak era guztietako produktuak egiteko erabiltzen dira, eta kontsumoa oso handia da. Horretaz jabetzeko, etxeko zaborra begiratzea besterik ez dago, % 10 baino gehiago plastikoa izaten baita.

Plastikozko produktuek erabiltze-bizi laburra dute, baina inguruan luze irauten dute degradatu gabe. Erraustea ez da irtenbidea, konposatu poluitzaileak eta toxikoak aireratzen direlako. Birziklatzea ere zaila da, plastikozko produktuak ez direlako beti konposatu bakarrez osatuak. Horregatik guztiagatik, garrantzitsua da ahalik eta biodegradagarrien diren plastikoak sortzea, eta horretan ari dira laborategi askotako zientzialariak.

Milanen egindako ikerketen emaitzak Palo Altoko Unibertsitatean (AEB) egingo den teknologia ekologikoei buruzko kongresuan aurkeztuko dituzte irailean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia