}

Plastikoek ozeanoa azidifikatzen dute

2022/09/25 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

plastikoek-ozeanoa-azidifikatzen-dute
Plastikoen degradazioaz sortzen diren azido organikoek eta CO2-ak eragiten dute itsasoa azidifikatzea.. Arg. U+1F360/Wikipedia, CC BY-SA 4.0

Bartzelonako Itsas Zientzien Institutuko laborategietan egindako ikerketa batek frogatu du plastikoen degradazioak nabarmenki azidifikatu dezakeela itsasoko ura. Erreferentzia gisa, Iraultza Industrialetik hona, ozeanoen pH-a 0,1 unitate azidifikatu da, giza jardueren ondorioz sortutako CO2-a dela eta (hamarkada bakoitzean, 0,02 unitate murriztu da, gutxi gorabehera). Bada, plastiko-kutsadura handiko kostako guneeetan, 0,5 unitate azidifikatu daiteke, uretako plastiko zaharkitua eguzkiaren erradiazioaz degradatzean. Hain zuzen, CO2-aren igorpen-tasa ezkorrenetan, mende honen bukaerako eta ozeano zabalean aurreikusia dagoen azidifikazio-maila bera.

Zientzialariek bazekiten plastikoak lixibiatzeak itsasoko uraren ezaugarri biogeokimikoak eraldatzen zituela, baina ez zekiten azidifikazioa ere eragiten ote zuen. Laborategian egindako ikerketak argitu du plastikoak degradatzean, uretara azido organikoak askatzen direla, polimero plastikoen eta gehitzen zaizkien aditiboen osagaiak baitira. Azido organiko horiek itsasoko ura azidifikatzen dutela frogatu dute. Are gehiago, eguzki-erradiazioak plastiko zaharkituak fotooxidatzen ditu, eta horren ondorioz sortzen den CO2-ak ere zuzenean eragiten du uraren pH-a murriztea.

Ikertzaileek argitu dute esperimentuetan erabilitako plastiko kontzentrazioa kutsadura-maila ertaineko badiatan azaltzen denaren parekoa dela. Beraz, kutsadura handiko guneetan, are handiagoa izango dela uste dute. Era berean, gogorarazi dute plastikoen kutsadurak, itsas ekosistemetan dituen ondorio kaltegarriez gain, giza osasunean ere ondorio zuzenak izango dituela, giza elikadurara eta ur edangarrira iritsi baitira dagoeneko mikroplastikoak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia