}

Plastikoen aurkako gerra

2019/12/17 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Esloganak zer txarrak diren. Eslogan bat esaldi labur bat da, ideia indartsu batekin. Publizitatearen ikuspuntutik, oso eraginkorrak dira. Mezu sinple bat azkar eta modu ulergarrian helarazten digu. Baina noski, errealitatea ez da horrelakoa. Askoz konplexuagoa da. Errealitatea ezin da azkar transmititu, askotan ez da erraz ulertzen, eta, batez ere, mezu sinpleak ez dira egia izaten. Noski, ideia sinple asko oro har zuzenak dira, baina orokortasunean bakarrik. Ideia sinple batek ez du ia inoiz errealitate osoa adierazten, zientzian behintzat. Har dezagun gaurko gaiaren material protagonista. Plastikoa.
plastikoen-aurkako-gerra
Arg. Public domain pictures

Plastikoaren aurkako gerra bat dugu martxan. Eslogana da: “plastikoa txarra da”. Hori ez da egia. Bizirik baldin bazaude, plastikoari esker da. Ikusten? Nik ere esloganak egin ditzaket. “Plastikoei esker zaude bizirik”. Hori ere ez da egia, baina aurreko ideiak bezala, errealitatearen zati bat adierazten du, eta beste gauza asko bidean galdu.

Adibide bat emango dut: ospitale batean odola gordetzeko poltsak. Ematen dugun odola PVCz egindako poltsetan gordetzen da, plastikoa. Bide batez, disko zaharren materiala ere PVC da, baina binilo deitzen diogu eta izen horrek ospe ona ematen dio, baina PVC da, plastiko bat.

Eta galdera da: PVCren ordez, erabil daiteke beste material bat odol-poltsak egiteko? PVCak oso ondo aguantatzen du beroa odola esterilizatzeko prozesuan; odola gordetzeko izozten denean, ez du malgutasuna galtzen; gardena da;  gutxi pisatzen du eta poltsak solda daitezke poltsaren zona jakin bat bakarrik berotuta. Arazo bakarra, arazo bat baldin badu, plastikoa dela. Orduan, plastikoa delako ordezkatu behar baldin badugu, zer beste material aukeratuko dugu? Niri bururatzen zaidan bakarra beira da, kristala. Ez ditu betetzen PVCaren ezaugarri guztiak, baina puntu asko bai. Baina imajinatzen duzue odola gorde behar izatea kristalezko ontzietan ospitaleetan? Nik arazoak besterik ez dizkiot ikusten. Zenbat odol galduko litzateke kristalezko ontziak puskatuta? Ez, ez dirudi oso irtenbide ona.

Honekin esaten ari naiz plastikoa ona dela? Bada ez. Hori ere eslogan bat besterik ez litzateke izango. Plastikoak arazo batzuk sortzen ditu. Larriak gainera, ingurumenaren ikuspuntutik, eta gai horri serio heldu behar zaio. Itsasoan dugu arazo larri bat adibidez. Baina hortik esatera plastikoa txarra dela, bide luzea dago.

Plastikoa ez da txarra. Hori bai, konpondu behar dugu eragiten duen kaltea, eta asmatu behar dugu modu bat plastikoak kontrolpean izateko. Eta lan hori goi mailako zientzia da; ez da esloganekin konpontzen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia