}

Platerak garbitzean ur asko xahutzen dute batzuek

2003/02/12 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Inoiz galdetu diozu zure buruari zenbat ur gastatzen duzun platerak garbitzean? Bada, gaiari buruz gogoeta egitea merezi duelakoan daude Alemaniako Bonngo Unibertsitateko ikertzaileak.

Izan ere, ikertzaile horiek platerak garbitzeko ohiturak aztertu dituzte Europako zazpi herrialdetan. Azterketan, lau kideko familia batek egunean normalean zikintzen dituen ontziak eta mahai-tresnak garbitu zituzten 75 boluntariok; guztira bi orduz zikinkeria lehortzen utzitako 140 kazola, plater, edalontzi eta mahai-tresna. Ikertzaileek lan hori bideoan jaso zuten, eta zenbat ur, energia eta xaboi gastatu zuten neurtu zuten.

Emaitza deigarria da, batez ere ur-kontsumoari dagokionez: batzuek 15 litro ur besterik ez dute behar, eta beste batzuek, aldiz, 345 litro ur xahutzen dute. Plater-ikuzgailu berrienek, berriz, 12-20 litro ur gastatzen omen dituzte.

Eskuz garbitzean plater-ikuzgailua erabilita baino bi aldiz energia gehiago gastatzen dela ere aipatzekoa da. Hain zuzen, garbiketa eskuz eginda, batez beste orduko 2.4 kW gastatzen dira, eta makinak erdia gastatzen du. Gainera, eskuz garbitzen zutenen % 15ek bakarrik uzten zituzten ontziak makinaz garbitutakoak bezain garbi. Bestetik, ur eta xaboi asko erabilita, ez da emaitza hobea lortzen.

Herrialdeen artean ez dago alde nabarmenik. Adibidez, alemaniarrek eta britainiarrek espainiarrek eta turkiarrek baino ur eta energia gutxiago gastatzen dutela azaltzen da azterketan, baina, hori bai, espainiarrek beste inork baino garbiago uzten dituzte ontziak. Hala ere, aldea norbanakoen ohituraren araberakoa da batez ere.

140 ontzi eta tresna horiek garbitzeko, batez beste ordu eta erdi behar izan zuten boluntarioek, eta 88 litro ur eta 2.4 kW orduko gastatu zituzten.

Emaitza onenak lortzeko hainbat gomendio eman dituzte ikertzaileek: batetik, ez da zikinkeria lehortzen utzi behar, eta, bestetik, bi bainu-aldi erabiltzea komeni da: lehenengoa ontziak garbitzeko, xaboitutako ur beroarekin, eta bigarrena, xaboi- eta zikinkeria-arrastoak kentzeko, ur hotzarekin.

Azterketa horri buruzko informazioa Nature zientzia-aldizkariaren web gunean argitaratu dute. Hala eta guztiz ere, bada web gunean azaltzen ez den kontuan hartzeko moduko datu bat: Bonngo Unibertsitateak egindako azterketaren zuzendariak AEG etxetresna elektrikoen enpresarentzat lan egiten duela, alegia. Gainera, etxetresna elektrikoak egiten dituzten hainbat enpresak ordaindu dute azterketa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia