}

Platinodun sendagai eraginkorra aurkeztu dute minbiziaren aurka

2001/03/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Platinodun sendagaiak hainbat minbizi-moten aurkako tratamenduan eraginkorrak direla frogatu duten arren, albo-ondorio larriak eragiten dituzte; beraz, beren erabilera mugatua dago. Hala ere, Estatu Batuetan mota horretako lau sendagai merkaturatuta daude eta haien salmentetatik jasotako diru-kopurua oso handia da.

Orain, Britainia Handiko Antisoma konpainia biofarmazeutikoak Thioplatin izeneko sendagaiari buruzko ikerketa berria argitaratu du Cancer Chemoterapy and Pharmacology argitalpenean. Antisoma minbiziaren aurkako tratamendu berrien garapenean espezializatua dago eta, aurreratu dutenez, erabili dituzten sistema-ereduetan egindako saioetan, Thioplatin platinodun beste sendagaiak baino eraginkorragoa izateaz gain, albo-ondorio gutxiago ditu.

Thioplatin Alemaniako Minbiziaren Ikerketa Zentroan garatu zuten tumore solidoen aurka. Cisplatinekin alderatuta, gehien erabiltzen den platinodun sendagaiarekin, tumore-zelula bakaneko ADNa 30-100 aldiz gehiago estaltzen duela ikusi zuten. Horrek Thioplatinek duen potentzial terapeutikoa adierazten du.

Thioplatinek ez zituen albo-ondorio larriak erakutsi sistema-eredu bizidunetan. Adibidez, beste platinodun sendagaiek sortutako arazo ohikoenak pisu-galera, globulu zurien kopuru-jaitsiera, giltzurruneko kalteak eta heste meharraren estalkiaren desegitea dira. Thioplatinek, ordea, horrelakorik ez sortzeaz gain, biriketako eta koloneko minbizien aurka Cisplatin bezain eraginkorra dela erakutsi du.

Datu horiek guztiek platinodun beste sendagaiak baino dosi handiagoetan erabil daitekeela adierazten dute. Orain ikertzen jarraitzen dute saio klinikoak lehenbailehen egin daitezen, minbiziaren tratamenduan aurrerapen handia izango litzatekeelako, bai duen eraginkortasun potentzialagatik, baita tolerantzia-mailagatik ere.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia