Plazentaren eboluzioa eta hautespen sexuala
2014/07/28 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ugaztunek ez bezala, Poeciliidae familiako arrainen artean behin baino gehiagotan gertatu da plazentaren eboluzioa. Plazenta sortu eta desagertu egin da hainbat bider familia horretako arrainen artean eboluzioan zehar, modu independentean. Oso kasu berezia dira, eta, orain, Kaliforniako Unibertsitateko eta Montclairko Unibertsitateko ikertzaileek hautespen sexualari loturiko hipotesi ebolutibo bat egiaztatzeko baliatu dute berezitasun hori.
Hipotesi horren arabera, arrautzak erruten dituzten espezietan emeak oso arrautza garestiak sortu behar ditu ernaldu aurretik (enbrioia bideragarri egingo duten elementu guztiak dituztenak), eta, kondizio horietan, ernaldu aurreko hautespen sexualari lotutako ezaugarriak gailentzen dira arretan: kolore biziak, eta gorteiatze-portaera zein apaingarri oso nabarmenak izaten dituzte.
Arrautzak (enbrioia) gorputz barruan garatzera eboluzionatuz gero, berriz, amaren hasierako inbertsioa ez da hain garestia, eta, horrek hautespen sexualari loturiko interesen oreka aldatu egiten du. Kondizio horietan, Nevadako Unibertsitateko ikertzaile batzuek 2001ean proposatu zuten aldaketa horren emaitza ar txikiagoak izango liratekeela, kolore apalekoak, eta sexu-organo handiagokoak, kopulatze-portaera ezkutuago bati lotuta.
Hain zuzen ere, horixe da Nature aldizkarian argitaratu berri den ikerketaren emaitzek erakusten dutena: arren koloreztatzea, apaingarriak eta gorteiatze-portaera oso estu lotzen zaizkio hipotesiak iragartzen duenari, alderatzen direnean arrautzak gorputz barruan garatzen dituzten Poeciliidae familiako arrainak eta arrautzak erruten dituztenak. Plazentadunek ez dute kolore bizirik, gorputz atxikiagoak dituzte, eta, sexu-organo handiagoak.
Kaliforniako eta Montclairko unibertsitateetako ikertzaileek 110 espezie hartu dituzten aintzat ikerketa egiteko. Haien arabera, Poeciliidae familiak ezaugarri ezin hobeak ditu hautespen sexualari buruzko hipotesia egiaztatzeko, elkarrekin oso estu erlazionatutako espezieak baitira, baina, aldi berean, dibertsitateko handikoak ugalketan: errule puruak daude, eta konplexutasun-maila desberdinetako plazentadunak.
Ikerketa honekin egiaztatu nahi izan duten hipotesi ebolutiboaren oinarrian honako hau dago: noiz gertatzen den amaren inbertsioa; hau da, zigotoa sortu aurrekoa den inbertsioa osorik, edo zigotoa sortu ondorengoa den inbertsiorik garrantzitsuena. Izan ere, batak eta besteak interes-gatazka desberdina sortzen dute.
Ikertzaileen esanean, “gure ikerketak lehen froga enpirikoa eskaintzen du bat datorrena hipotesi honekin: amaren inbertsioa zigoto aurrekoa izatetik zigoto ondorengoa izatera pasatzea hautespen sexualean aldaketak gertatzearekin lotzen da”. Nahiz eta, aitortzen dute, frogatzeko dago korrelazio horren atzean erlazio kausal bat dagoela.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia