Plutonen atmosfera metanoz osaturik dago
2009/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Plutonen atmosfera metanoz osaturik dago, eta -180 ºC-ko tenperatura dauka. Hori ondorioztatu dute Hego Hemisferioko Ikerketa Astronomikorako Erakunde Europarreko ikertzaileek, CRIRES teleskopioa erabiliz. Atmosferan metano-kantitate handiak aurkitzeaz gain, lurrazala baino 40 ºC beroago dagoela iradoki dute.
Plutonen, tenperatura altuenak lurrazaletik urrutien dauden guneetan daude, Lurrean ez bezala. Zientzialarien ustez, planetaren lurrazala hain hotza izatea atmosferari lotuta dago. Konparaketa bat egin dute: gizakiaren azalean lurrundu ondoren izerdiak gorputza hozten duen modu berean, Plutonen lurrazaleko izotzaren sublimazioa --hau da, gas bihurtzeak-- hozteko efektua eragiten du. Gainera, Plutonek dituen propietate batzuk kometek ere badituzte; hain zuzen ere, Eguzkira gerturatzean izotza sublimatu egiten delako sortzen dira kometen isatsak.
Plutonen atmosferaren propietateak bi eratara esplika daitezke. Lehenengo azalpenak dio lurrazala metano-geruza batez estalita dagoela. Bigarrenak, lurrazalean metano puruko eremuak egon daitezkeela. Ikertzaileen esanean, Pluton Eguzkitik aldentzen den bitartean ikerketa gehiago egin beharko dira. 2015ean, NASAren New Horizons espazio-zunda nanoplanetara helduko da, eta gako gehiago emango ditu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia