}

Pneumonia eragiten duen bakterio baten toxina batek nola eragiten duen argitu dute

2022/12/21 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

pneumonia-eragiten-duen-bakterio-baten-toxina-bate
Pseudomonas aeruginosa bakterioen ilustrazio bat. Arg. CDC/ Antibiotic Resistance Coordination and Strategy Unit

Pseudomonas aeruginosa bakterioak, pneumoniaren eragile nagusietako batek, sortzen duen toxina batek inguruko bakterioak nola hiltzen dituen argitu du Biofisika Institutuko (CSIC-UPV/EHU), Jaume I Unibertsitateko eta Sevillako Unibertsitateko zientzialariek osatutako ikerketa-talde batek. Communications Biology aldizkarian argitaratu dute lana.

P. aeruginosa hilgarri egiten duten faktoreetako bat T6SS sekrezio-sistema da. Beste zelula batzuekin topo egitean, bakterioak sekrezio-sistem horren bidez injektatzen dizkie hainbat toxina. Azken hamarkadan, aurrerapen handiak egin dira sistema horren ezagutzan, baita horrek bakterioen arteko lehian eta patogenesian duen garrantziaren ezagutzan ere, baina oraindik ez dira ezagutzen jariatzen dituen toxina gehienen identitateak eta funtzioak.

Lan honetan ikusi dute Tse5 toxinak inguruko beste bakterio batzuk hiltzen dituela, haien mintzetan poro ioi-garraiatzaileak sorrarariz; poro horien eraginez bakterioen mintza despolaritzatzen baita. Ikertzaileek diotenez, mekanismo hori ezagutzeak lagun dezake bakterio patogeno horiei aurre egiteko estrategia berriak bilatzen.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia