Polietilenglikola garunarentzat
2008/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ohiko polimero bat, polietilenglikola, garezurreko traumatismoak tratatzeko ari dira probatzen Estatu Batuetako ikertzaile batzuek, Indianako Purdue Unibertsitatean. Polietilenglikolak abantaila bat du: garuneko zelulen hausturak ixteko ahalmena du, azaleko zaurietan puntuek egiten duten antzera.
Oraingoz, probak arratoiekin egin dituzte. Kontusio bortitzak eragin dizkiete laborategiko arratoi batzuei, polimeroa injektatu diete odolean, eta arratoiek suspertzeko behar izan duten denbora neurtu dute. Polietilenglikolak emaitza onak ditu, eta ez da albo-ondorio larririk azaldu. Gainera, ez da teknologia handirik behar pazientearen garuneraino iristeko, polimeroaren ur-disoluzio bat odoletan injektatuta iristen baita. Frogatzen bada gizakietan ez duela arazorik sortzen, etorkizunean ohikoak bilaka litezke disoluzio horiek sorosleen botikinetan. Baina, halakorik frogatzeko, denbora asko falta da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia