Polo bietan espezie beretako izakiak aurkitu dituzte
2009/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Artikoan nahiz Antartikoan bizi diren 235 espezie zenbatu dituzte errolda batean 500 zientzialarik. Ikerketa hori Itsas Biziaren Erroldaren baitan egin zuten, Nazioarteko Urte Polarrean, --hau da, 2007-2008an--, eta 2010ean argitaratuko dute.
Lokatzetan bizi diren har eta molusku berberak aurkitu zituzten, batzuk besteetatik 12.000 kilometrora. Esaterako, Cliona limacina eta Limacina helicina espezieetako moluskuak atzeman zituzten Artiko eta Antartikoko ur izoztuetan. Ikertzaileak harritu egin ziren; izan ere, ohikoa da hegaztiek eta baleek polo batetik bestera migratzea, baina ez molusku txikiek hainbeste migratzea.
Baina, Itsas Biziaren Erroldako ikertzaileek esan dute 12.000 kilometro ez direla oztopo handia. Eta, haien ustez, tenperatura-aldaketa ere ez da hesi bat: poloetako ur sakonetako tenperatura -1 ºC-koa da, eta tropikoetakoa ez da 4 ºC-tik pasatzen. Gainera, erroldan lanean dabilen Ron O'Dor zientzialariak adierazi du korronte-sistemek ozeanoetan jarraikortasun bat sortzen dutela. Jarraikortasun horri ozeanoaren banda garraiatzaile deitzen zaio. Ikertzailearen ustez, bi poloetan dauden izakietako askok ur horietan garraia ditzakete beren larbak eta arrautzak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia